Orioko Arraun Elkarteak Garagaro Azoka irekiko du bihar herriko plazan, eta igande iluntzera arte garagardo eskaintza zabala eta ekitaldi ugari izango dira bertan.
Hirugarren urtez Garagardo Azoka antolatu du Orioko Arraun Elkarteak, eta garagardoaren jaiaren irekiera ekitaldian Aiala Zarautz eskubaloi taldeko jokalariak eta Joxemari Olasagasti aizkolaria omenduko dituzte. «Aiala Zarautz taldeak denboraldi bikaina egin du; herriko kirolariekin osatutako taldea da, eta ahalegin handia egin dute mailaz igotzeko. Ahalegin hori aitortu nahi diegu. Gainera, Zarauzko Kirol Elkarteko Eskubaloi Sailak aurten 50 urte bete ditu Orioko Arraun Elkarteak bezala, eta horregatik ere eskaini nahi diegu Mirotza Saria», azaldu du Zigor Gazpio elkarteko kideak. Olasagastiri, berriz, herri-kirol munduan egin duen ibilbide oparoa aitortu nahi dio elkarteak.Gipuzkoa mailako kirolari nabarmenei egindako omenaldiak irekiko du Orioko Garagardo Azoka bihar, eta urtero bezala, «herrian giro ona sortzea eta herritarrek jaian parte hartzea» da helburua. Horretarako egitarau zabala antolatu dute. Hala ere, «larunbat arratsalderako ez dugu ekitaldirik antolatu, Orioko Futbol Taldeak mailaz igotzeko kanporaketa jokatuko duelako Orion bertan, eta herritarrak taldea animatzera joatea nahiko genukeelako. Zorte ona opa diogu Oriokori».
Orioko Arraun Elkartearentzat Garagardo Azoka urteko aurrekontuari aurre egiteko diru-iturrietako bat bada ere, «prezio lehiakorrak» eskaintzen saiatu da elkartea. «Azoka xumea gara, eta herrian giroa sorzea da gure helburua. Lehen aldiz azoka ireki genuenetik prezioak ez ditugu igo, garrantzitsua iruditzen baitzaigu herritarrek jaian parte hartzea», zehaztu dute. Litro erdiko garagardo arrunta 2,5 euro kostako da, eta garagardo berezia 3,5 euro.
Koadrilen estropada
Orioko Arraun Elkarteak jakin badaki Garagardo Azokaren arrakasta hiru egunetan zehar musutruk lan egiten duten boluntarioei esker lortzen dela. «Eskerrak eman behar dizkiegu azokan buru-belarri lanean aritzen diren herritarrei, baita antolatzen ditugun egitasmoetan musutruk parte hartzen dutenei ere», adierazi du Gazpiok.
Boluntario horietako bat da Joanito Orella. Larunbat honetarako mini klasikoen topaketa antolatu du oriotar horrek.
Bestetik, igande arratsaldean bigarren urtez koadrilen arteko batel estropada jokatuko dute errioan. Bihar arte irekita egongo da estropadan izena emateko epea Salatxo eta Kalakari tabernetan; dena dela, Orioko Arraun Elkarteko kideek zehaztu dute igandera bitartean onartuko dituztela izen-emateak. «Iaz egitasmoak izan zuen arrakasta ikusita, aurten I. Garagardo Azoka Bandera izango da jokoan», aurreratu dute.