Bizikleta Eguna antolatu du Zaragueta Eskolak. (Zaragueta Eskola)
Larunbaterako Bizikleta Eguna antolatu du Zaragueta Herri Eskolak, herritarren artean bizikletaren erabilpena sustatzeko eta familia giroan goiz pasa egiteko asmoz. Hiru ibilbide zehaztu dituzte adin tartearen arabera; txikienak trizikloz eskolan ibiliko dira. Gainontzekoak eskolatik Anibarko Portura joango dira eta handik bueltan gazteenak eskolara itzuliko dira eta zaharragoak Oribarzar hondartza aldera joango dira.
Bizikleta martxa lasaia izango da eta ahal duten heinean bidegorria erabiliko dute herria zeharkatzeko. Bederatzi urtetik beherako haurrek pertsona heldu baten ardurapean parte hartuko dute eta 12 urte artekoek eta Oribarzar aldera joango direnek kaskoa eraman beharko dute.
Zaragueta Eskolan amaituko da irteera eta indarrak berreskuratzeio hamaiketakoa egingo dute ekimenean parte hartu duten guztiek.
Antolatzaileek azaldu dute eguraldi txarra egiten badu bertan behera geratuko dela ekimena.