Duintasuna elkarteak hilero herri batean egiten ditu elkarteko bilerak, eta gaurkoan Orion bildu dira. Bilera aurretik, elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean hamarnaka pentsiodunek, botiken berrordainketa salatzeko. Gipuzkoako hainbat pentsiodunek osatzen dute
Duintasuna, eta elkartera gerturatzera animatu dituzte herrialdeko pentsiodunak. "Guk administrazio publikoari eskatzen dioguna pentsiodun guztion alde da, eta denek dituzte gure ateak zabalik", azaldu dute.
Hainbatetan salatu dute botikak berriz ordaindu beharra. "Gure datuak badituzte, eta ez dauka zentzurik gero diruaren parte bat bueltatzeak. Hasieratik ez genuke ordaindu beharko botikengatik", esan dute.
Goizean egin dute elkarretaratzea udaletxe aurrean (Onintza Lete Arrieta/Hitza)
Ekainetik aurrera, dependentzia arloa landuko dute
Bestelako arazoak ere badituztela azpimarratu dute. Adibidez, dependentzia arloa da kezka iturrietako bat. Administrazioarekin kexu dira kasu honetan ere. Onartu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak gai horrekiko lan interesgarria egin duela, baina orokorrean zailtasunak dira nagusi Duintasunaren ustez. "Batez ere emakumeen kasua azpimarratu behar da" elkartearen ustez. Batetik, beraiek direlako zaintza lanak egiten dituztenak, eta bestetik, dependentzia egoeran dagoena emakumea denean, tratu txarrak jasateko aukera gehiago dituelako. Gai horretan jarriko dituzte indarrak datozen hilabeteetan.
Bestetik, elkartekoek nahi lukete iritsi laguntza behar duten pentsiodunengana, "egoera larrienean dauden pertsonengana", eta horregatik, harremanetarako bideak zein diren gogorarazi dute:
-Telefonoak: 943-21 52 57 eta 688- 81 80 52
-Helbidea: Aiete Pasealekua 85, Donostia (astelehenetan eta asteazkenetan, 10:30-12:30 bitartean)
-Helbide elektronikoa: duintasunaelkartea@gmail.com