Orion eguerdi partean izan da parte-hartzerik handiena

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko maiatzaren 24a

  Orioko udaletxean herritar bat boza ematen. (Aiora Larrañaga/Hitza) Orioko hauteskunde mahaietan lasaitasuna izan da nagusi goiz partean eta ez da ezustekorik egon. Plaza inguruko kafetegi bateko arduradunaren esanetan iganderoko martxa izan dute. "Goizean hauteskunde mahaietako kideak etorri dira gosaltzera mahaia ireki baino lehen, baina gainontzean ez dugu aldaketarik sumatu beste igandeekin alderatuz". Izan ere, oriotarrek "meza amaitutakoan edo eguerdi partean poteo garaian boza emateko ohitura" dutela azaldu dute alderdietako ikuskatzaileek. Hori berretsi du plazako taberna bateko arduradunak ere. "Duena lau urte jende ugari  bildu zen hauteskunde egunean eguerdian plaza inguruan eta aurten ere horrela izango dela dirudi". 12:00ak eta 13:30ak tartean bildu da jende gehien hauteskunde mahaietan eta zenbait unetan ilarak ere sortu dira. Bestetik, bitxikeriarik ere gertatu da Orion goiz partean. Atzo herritar batek min hartu zuen eta oinez ibili ezinik geratu zenez kotxez eraman dute ikastola aurrera eta mahaiko kideak atera dira berak boza eman zezan. 2011ko hauteskundeak 2011ko udal hauteskundeentan %73,92eko parte-hartzea izan zen Orion eta EAJk lortu zuen boto gehien, 1.268 boto hain zuzen ere. EH Bildu izan zen bigarren indarra 1.038 botorekin eta Orain plataformak 395 boto eskuratu zituen. Aurreko udal hauteskundeetan EAJk boto gehien lortu bazuen ere, EH Bilduk eta Orain plataformak adostasuna lortu zuten udal gobernua osatzeko. Orioko PSE-EEk, berriz, 113 boto jaso zituen eta ez zuen ordezkaritzarik izan udalbatzan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide