Ustez sare sozialetan terrorismoa goratzeagatik oriotar bat atxilotu zuten asteazkenean. Deklaratu, eta aske geratu zen oriotarra karguekin, baina familiakoek azaldu dute oraindik ez dakitela zehazki zer leporatzen dioten. «Sare sozialetan terrorismoa goratzeko maila desberdinak daudela ulertzen du poliziak, eta ez digute zehaztu zer den egozten diotena». Hemendik aurrera epailearen esku geratuko da gaia.
Asteartean hasi ziren atxiloketak. Guardia Zibilak gutxienez hamabi lagun atxilotu zituen Euskal Herrian, «sare sozialetan terrorismoa goratzea eta biktimak iraintzea» egotzita. Asteazkenean ere sarekadarekin jarraitu zuen Guardia Zibilak, eta lagun gehiago atxilotu zituzten, tartean oriotarra.
Azken egunetako sarekada Armiarma operazioaren hirugarren fasea da. 2014an abiatu zuen poliziak operazio hori; apirilean 21 lagun atxilotu zituzten guardia zibilek, eta azaroan beste hainbeste arrazoi bera egotzita. Azken egunetan egin duten sarekadan Espainian, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Hego Euskal Herrian egin dituzte atxiloketak.