Oriokok Mutrikuren aurka kanporaketa jokatuko du hurrengo bi asteburuetan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko maiatzaren 21a

Oriokok bigarren egin du Erregionaletako Gorengo Mailan, eta orain Ohorezko Mailara igotzeko txartelagatik borrokatuko du. Larunbatean Mutrikun lehiatuko dira, eta hilaren 30ean etxean.

Orioko Futbol Talde Mendibeltz Futbol Zelaian. (Egilea: Orioko Futbol Taldea) Denboraldi bikaina egin du Orioko Futbol Taldeko talde nagusiak; denboraldian zehar sailkapeneko lehen postuan izan dira, baina azken jardunaldietan Andoaingo Euskalduna taldeak aurre hartu die, eta bigarren postuan amaitu dute denboraldia. Orain kanporaketa jokatuko du Oriokok Mutrikuko taldearen aurka. «Erregional Gorengo Maila bi multzotan banatuta dago; Donostialdeko multzoa eta lurraldekoa. Guk Donostialdeko multzoan jokatzen dugu. Lurraldeko mailan bigarren postuan sailkatu den Mutrikuren aurka jokatuko dugu kanporaketa, hirugarren eta laugarren postua zehazteko», azaldu du Arkaitz Agirre Orioko Futbol Taldeko lehendakariak. Lehen bi sailkatuak zuzenean igoko dira Erregionaletako Ohorezko Mailara, baina hirugarren sailkatuak ere horretarako aukera izan dezake. Larunbatean Mutrikun jokatuko dute kanporaketa partida, eta hilaren 30ean, berriz, Orion izango dute hitzordua. «Etxean jokatu dugun azken partidan ez zen ikusle gehiago sartzen futbol zelaian». Kanporaketa partidara ere oriotarrak eta futbolzaleak taldea animatzera joatea gustatuko litzaieke taldeko arduradunei. «Jokalariei indar handia ematen die zaleen babesak». Iazko hamar jubenilekin Orioko Futbol Taldeko zuzendaritza eta kideak «oso gustura» daude taldeak egin duen denboraldiarekin. «Ez gaude igoerarekin itsututa, eta ez ditugu jokalariak presionatu nahi. Urte hasieran denboraldia bigarren postuan amaituko genuela esan baligute, momentuan sinatuko genukeen. Oso lan ona egin du taldeak». Orioko Futbol Taldea herriko jokalariz osatutako taldea da. «Iaz jubenil mailan jokatu zuten hamar jokalari igo dira talde nagusira. Aurreko denboraldian jokalariz eskas samar ibili ginen eta, aurten, berriz, entrenamenduak 20-22 jokalarirekin egin ditugu. Entrenamenduetan egindako lan ona eta dinamika egokia partidetan nabarmendu da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide