Ana Priede: «Adostasunak lortu nahi ditugu Orioko Udalean»

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko maiatzaren 21a

Ana Priede Orioko PSE-EEko alkategaia. (Egilea: Aiora Larrañaga) ANA PRIEDE ORIOKO PSE-EEKO ALKATEGAIA Zer dela-eta animatu zara alkategai aurkeztera? Bi arrazoi nagusi nabarmenduko nituzke. Alde batetik, uste dut udal batek bizi dezakeen testuingururik aberasgarriena alderdi aniztasuna dela. Modu horretan gehiengoak saihesten dira eta alderdiok adostasunetara iristera behartuta gaude, proiektuak denon artean lantzera alegia. Bestetik, pertsonalki une egokia dela iruditu zait. Nire alabak hazi dira eta udaleko kontuak lantzeko denbora gehiago dut orain. Jakin badakit zinegotzi izateak lanketa handia eskatzen duela eta Irma Domingorena bidelagun izateak urratsa ematera animatu nau. Bera zinegotzia izan da lau urtez Zarauzko Udalean, erakunde bateko abokatua da eta oso ondo ezagutzen du administrazioaren funtzionamendua. Ez da gauza bera ezer ezagutu gabe zinegotzia izatea edo ondoan legedia eta administrazio gaiak oso ondo ezagutzen dituen aholkularia eta laguna izatea. Zein izango da Orioko PSE-EEren helburua igandeko hauteskundeetan? Ezkerreko alderdia gara eta herritarrentzat alternatiba izan nahi dugu Orioko Udalean. Oriotarrek gugan konfiantza izatea nahi genuke. Gu ideia berriak eta proiektuak proposatzera gatoz, alderdien arteko lankidetza ahalbidetu nahi dugu eta elkarlanean proiektuak landu eta martxan jarri. Adostasunak lortu nahi ditugu udalean. Orain arte Orioko Udalean izan diren zinegotzi sozialistek lan ona eta serioa egin dute beti, proiektuak mahai gainean jarri eta adostasunetara iritsi dira; alderdikeriak alde batera utzi eta herriaren onura izan da Orioko PSE-EEko zinegotzien irizpide nagusia eta guk ere ildo hori jarraituko dugu. Zein izango dira Orioko PSE-EEren lehentasunak datorren agintaldian? Alde batetik, adinekoen eguneko zentro berria beharrezkoa dela uste dugu. Egun familia askok ezin dituzte beren aitona-amonak zaindu eta menpeko pertsonen eta adinekoen beharrak asetuko dituzten egoitza eta eguneko zentroa oso garrantzitsuak dira. Horregatik, EAJk zeramika lantegian proposatzen duen erabilera anitzeko adinekoen egoitza oso ideia ona dela iruditzen zaigu; kokalekua aproposa da eta bertan goi mailako azpiegiturak egiteko nahikoa toki dago. Badakigu proiektua ez dela urte batetik bestera egingo, baina lehenbailehen gaia martxan jarri behar dela uste dugu. Bestetik, etxebizitzaren gaia ere jorratu beharrekoa da. Gazteek ezin dute gurasoen etxetik irten; soldata txikiak dituzte eta alokairuak oso garestiak dira. Egoera bera bizi dute pentsio txikiak dituzten adinekoek, bananduta dauden gurasoek edo guraso bakarreko familiek ere. Horri irtenbidea emateko zenbait udaletan dagoeneko martxan jarri dituzte alokairu sozialerako planak, Azpeitian eta Azkoitian esaterako. Proiektu bideragarriak dira eta uste dugu Orion horrelako ekimena abiatzea oso egokia izango litzatekeela. Mahai inguruan Irma Domingorenak aipatu zuen ingurumena arlo garrantzitsua dela PSE-EErentzat. Zer neurri proposatzen dituzue? Ingurumen legedia zehaztuta dago eta Udalak legedi hori betetzeko betebeharra du; Orio 2030 etorkizunari begira egindako plangintzan ere ingurumen araudia kontutan hartu beharko da. Ingurumen arloan Orioko Udalak gabezia duela uste dugu, ez baitago gaian aditua den teknikaririk. Motondoren inguruko eztabaida da udalean dagoen hutsunearen adibide garbia; eremu horrek babes berezia du 2007tik eta aukera bakarra Motondo berreskuratzea da. Ildo horretan, bertan ezer eraiki ezin denez egoerari buelta eman eta Motondori etekina ateratzeko bidea turismo ekologikoa izan daitekeela pentsatzen dugu. Erabili dezagun Motondo herrira bisitariak ekartzeko. Azpiegiturak baditugu, uretako jarduerak eskaintzen dituen arraun teknifikazio zentro ikusgarria ondoan dugu eta herriak zerbitzu, jatetxe eta taberna eskaintza aproposa du. Nolakoa gustatuko litzaizuke izatea etorkizuneko Orio? Nik gauza gutxi aldatuko nituzke Orion. Oriok herri txikiek dituzten ezaugarri on guztiak ditu, baita herri handiagoek eskaintzen dituzten baliabideak ere. Hezkuntza arloan eskaintza zabala dugu; ingurumena paregabea da eta bizi kalitatea eta lasaitasuna dugu. Egia da zenbait eremu txukundu daitezkeela, baina oro har Orio den bezala gustatzen zait. Oso ondo bizi gara Orion, herritarrak begirunetsuak dira eta uste dut hori ezinbestekoa dela herri batean eroso eta gustura bizitzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide