Zer dela-eta animatu zara alkategai aurkeztera?
Bi arrazoi nagusi nabarmenduko nituzke. Alde batetik, uste dut alderdi aniztasuna dela udal batek bizi dezakeen testuingururik aberasgarriena. Modu horretan gehiengoak saihesten dira, eta alderdiok adostasunetara iristera behartuta gaude, proiektuak denon artean lantzera, alegia.
Eta beste arrazoia zein da?
Bestetik, pertsonalki une egokia dela iruditu zait. Nire alabak hazi dira, eta udaleko kontuak lantzeko denbora gehiago dut orain. Jakin badakit zinegotzi izateak lanketa handia eskatzen duela, eta Irma Domingorena bidelagun izateak urratsa ematera animatu nau. Bera zinegotzia izan da lau urtez Zarauzko Udalean, erakunde bateko abokatua da, eta oso ondo ezagutzen du administrazioaren funtzionamendua. Ez da gauza bera ezer ezagutu gabe zinegotzia izatea edo ondoan legedia eta administrazio gaiak oso ondo ezagutzen dituen aholkularia eta laguna izatea.
Zein izango da zuen helburua igandeko hauteskundeetan?
Ezkerreko alderdia gara, eta herritarrentzat alternatiba izan nahi dugu Orioko Udalean. Oriotarrek gugan konfiantza izatea nahiko genuke. Gu ideia berriak eta proiektuak proposatzera gatoz, alderdien arteko lankidetza ahalbidetu nahi dugu eta elkarlanean proiektuak landu eta martxan jarri. Adostasunak lortu nahi ditugu udalean. Orain arte Orioko Udalean izan diren zinegotzi sozialistek lan ona eta serioa egin dute beti, proiektuak mahai gainean jarri eta adostasunetara iritsi dira; alderdikeriak alde batera utzi eta herriaren onura izan da Orioko PSE-EEko zinegotzien irizpide nagu- sia, eta guk ere ildo hori jarraituko dugu.
Zein izango dira Orioko PSE-EEren lehentasunak?
Alde batetik, adinekoen eguneko zentro berria beharrezkoa dela uste dugu. Egun familia askok ezin dituzte beren aitona-amonak zaindu, eta menpeko pertsonen eta adinekoen beharrak asetuko dituen egoitza eta eguneko zentroa oso garrantzitsuak dira. Horregatik, uste dugu EAJk zeramika lantegian proposatzen duen erabilera anitzeko adinekoen egoitza oso ideia ona dela. Badakigu ez dela urte batetik bestera egingo den proiektua, baina lehenbailehen gaia martxan jarri behar dela uste dugu.
Bestetik, etxebizitzaren gaia ere jorratu beharrekoa da. Gazteek ezin dute gurasoen etxetik irten; soldata txikiak dituzte, eta alokairuak oso garestiak dira. Egoera bera bizi dute pentsio txikiak dituzten adinekoek, bananduta dauden gurasoek edo guraso bakarreko familiek ere. Horri irtenbidea emateko zenbait udaletan dagoeneko martxan jarri dituzte alokairu sozialerako planak, Azpeitian eta Azkoitian esaterako. Proiektu bideragarriak dira, eta uste dugu Orion ere horrelako ekimena abiatzea oso egokia izango litzatekeela.