Oriori bultzada emateko hamaika helburu aurkeztu ditu EAJk asteburuko agerraldi politikoan

Urola Kostako Hitza 2015eko maiatzaren 18a

Orioko EAJko hautagaiak Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakari Joseba Egibarrekin. (Iturria: Orioko EAJ) Larunbat eguerdian Orioko EAJk agerraldia egin zuen Orioko plazan eta Orioko EAJko alkategai Joxe Angel Zalduak Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakari Joseba Egibarren babesa jaso zuen. Biak itxaropentsu agertu ziren EAJk datorren asteburuan emaitza onak izango dituela uste dutelako: "Merezi duen eta inoiz galdu behar ez luken lekura bueltatuko dugu Orio" aldarrikatu zuen Zalduak. Herriari "behar duen bultzada" emateko hamaika helburu zehaztu ditu EAJk: Enpresei bultzada eman, Aizperroko eremuan enpresagune berria garatu, azpiegiturak hobetzeko plana egin, menpekotasuna dutenen pertsonei zuzendutako egoitza eraiki, kudeaketa gardena egin, etxebizitza politikak martxan jarri, herritarren parte-hartzea sustatu, birziklapena handitu 5. edukiontziaren bidez, turismoa eta aisialdia sustatu, euskarari bultzada eman eta kirol ekimenak sustatu. “Ideia mordoa daukagu eta ziur gaude oriotarrek babesa eskainiko digutela”, adierazi zuen Joxe Angel Zaldua alkategaiak.

Bestalde, Joseba Egibarrek ohartarazi zuen herritarrek bi ereduren artean aukeratu beharko dutela igandean: “herritarrak errespetatu eta herri honen garapena ahalbidetu duen EAJren erdua” eta “inposiziorako, kontrolerako eta planifikazio ezarako joera duen ezker abertzalearenarena”. “Ekinez egina, hechos, hori da aukeratu dugun leloa, hori delako EAJk egiten duena. Herri honen mesedetako, hainbat erabaki hartu ditugu azken hamarkadetan, eta asmatu egin dugu. Etorkizunean ere hala egingo dugu”, aurreratu zuen GBBko presidenteak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide