Orioren etorkizunerako "ezinbestekoak" diren gakoak nabarmendu ditu EH Bilduk ekitaldi ibiltarian

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2015eko maiatzaren 16a

Herriko hainbat gunetan geldialdiak egin zituzten, bertako premiak eta lehentasunak nabarmenduz

Datorren hilaren 24ean Orioko EH Bildu bozkatzeko askotariko arrazoiak eman zituzten atzo zerrendakideek. Bizikletaz ekitaldi ibiltaria egin zuten, herriko hainbat gunetan geldialdiak eginez. Gune horietako premiak eta horiei erantzuteko gakoak eman zituzten. Ibilbideari ekin aurretik, hitza hartu zuen Emeterio Iribar alkategaiak Orioko plazan. Nabarmendu zuen hilaren 24ean "beharrezkoa" dela "hautestontziak betetzea", eta horregatik herritarrei eskatu zien etxean "ez geratzeko". Hauteskundeak irabaziz gero, Orioko EH Bilduk aurrera eraman nahi dituen hainbat proiektu azaldu zituen gero Iribarrek. Batetik, Goiko kalea biziberritu nahi dutela nabarmendu zuen eta baita erdigunetik urrun bizi direnei (San Martin, Ortzaika, Anibarko Portua, hondartza...) herriko zerbitzuak eskura jarri; Motondo eta hondartza berreskuratu; parke bat estali; kanpinari beste bultzada bat eman; ontziola eraberritu; gizarte zerbitzuen kalitatea hobetu; bizilagun etorri berrientzat Ongi etorri Oriora programa eta harrera protokoloa gauzatu eta %80 birziklapen tasara heltzeko neurriak hartu ere. Bestetik, EHBildu euskalduna eta euskaltzalea dela esan zuen, "sentsibilitate asko dituen talde anitz eta aberatsa, irekia, gardena eta parte hartzea sustatzen duena". "EHBilduk, 2030eko Orio, herritarren beharretan oinarritu nahi du", jarraitu zuen Iribarrek: "Orion dauden etxebizitza hutsei irtenbidea eman berriak eraiki aurretik. Azpiegituren egokitzapena eta mantentzeari lehentasuna eman, natur guneak babestu, mugikortasun eta irisgarritasun printzipioak aplikatu... Oriok izaera galdu gabe". Halaber, gogoratu zuen urtero aurrekontuak herritarrekin partekatu ostean, aurkeztu eta erakutsi dituela jendaurrean. Festetako aurrekontuak ere publikatu ditu haren esanetan. "Aholku mahaiak sortu ditugu Orioko eragileei ahotsa emateko eta alkatearen bulegoko ateak beti egon dira irekita edonorentzat". Nabarmendu zuen EHBilduk "herritar guztientzat" egiten duela lan, eta ez duela "herritarren arteko mailaketa bereizketarik" egiten. "Guztiak berdin tratatzen saiatzen da". "EHBilduk, Gipuzkoa garbi bat nahi du, errausketarik gabeko Gipuzkoa bat. Ez dugu ez Bidegiko iruzurrik ez eta Kutxabankeko pribatizaziorik nahi. Gipuzkoa parte hartzaileago eta gertuago bat nahi dugu. Garraio sistema bateratu eta egokitu bat duena, denon artean eraikia". Gune bakoitzerako erantzunak Orioko EH Bilduren programa laburtzen duten koplak abestu zituzten ondoren, eta bukatu bezain pronto ekin zioten bizikletaz ibilbideari. Plazatik Goiko kaleko Pilikura heldu ziren, Biziberritu leloa erakusteko. Ontziola zaharraren "egoera tamalgarriari" begiratuz,  Eraberritu leloa erakutsi zuten gero. Bizikletak hartu eta kanpinera joan ziren, Bultzatu adieraziz, eta handik hondartzaraino heldu ziren, Berreskuratu kartela erakusteko. Baxoaldeko parkean Estali zioen kartela atera zuten, Motondo atzean zutela Berreskuratu eta auzo barnean Birziklatu.
Handik berriz plazara itzuli ziren, eta ekitaldi amaieran  tortila pintxoak eta sagardoa eskaini zituzten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide