Orioko ludotekako lanak Iturbide kalean. (Egilea: Aiora Larrañaga)
Iturbide kalean ludoteka egiten ari da Orioko Udala eta ekainerako lanak bukatuta egotea aurrikusi dute arduradunek; irailean jarriko da lehen aldiz martxan ludoteka. Orioko Udaletik jakinarazi dutenez martxa onean doaz lanak. Azken hilabeteetan langileak buru-belarri lanean ari dira azpiegitura ekainerako prest izan dadin eta Ekiñe Saizar zinegotziak eskerrak eman dizkie bizilagunei, «obrak sortutako endredoen eta zarataren aurrean izaten ari diren pazientziagatik».
Bestalde, ludotekaren irekiera gero eta gertuago dela kontutan hartuta Orioko Udalak Orioko ludotekako eta Ametsa gaztelekua aisialdi zerbitzua modu bateratuan kudeatzeko lehiaketa publikoa abiatu du. Proposamenak aurkezteko epea zabalik izango da ekainaren 4ra bitartean.
Herritarren beharrak
Orioko Udalak Goiko Kaleko bi etxebizitza jabetzan zituen eta horiek «etxebizitza sozial gisara merkaturatzea» proposatu zuen Orioko EH Bilduk. Orainek eta EAJk berriz, bi etxebizitza horiek saldu eta jasotako diruarekin alde batetik ludoteka bat egitea eta soberakinarekin parke estaliaren proiektua martxan jartzea proposatu zuten. Azken bi udal taldeek gehiengoa osatzen zutenez, aurrera atera zen ludotekaren proiektua. 200.000 euro inguruko kostua izan du. «Orainetik herritarren artean egin genuen galdeketan haurren eta gaztetxoen aisialdiari dagokionez 5-10 urte bitartekoen aisialdirako eskaintzarik ez zegoela ikusi genuen eta hori dela-eta sustatu genuen ludoteka martxan jartzea», azaldu du Miriam Uranga Oraineko ordezkariak.
Ludotekarekin haurrei zuzendutako aisialdi zerbitzua eskaini nahi du Orioko Udalak, «euren aisialdia modu egoki eta eraikitzailean bizi dezaten» zehaztu du Saizarrek. Haurrek eta gaztetxoek horretarako bidelagun izango dituzten hezitzaileak ludotekan. Miriam Urangak uste du «harrera ona» izango duela ludotekak herritarren artean, «beste herrietan ere oso estimatuak baitira».
Orioko ludoteka diseinatzerako orduan hainbat eredu aztertu ditu udalak. «Elgoibarko eta Zumaiako ludoteketan izan gara eta Txurrumuskirekin elkarlanean aritu gara prozesu guztian zehar. Azken batean, eurak dira gaur egun gaztelekuko martxa ezagutzen dutenak, eta urte mordoz herriko haur eta gaztetxoen aisialdi jarduerez arduratu direnak», azaldu du Ekiñe Saizarrek. Hori dela-eta, Orioko Udalak uste du Txurrumuskiren iritzia ere «ezinbestekoa» zela erabakiak hartzerako garaian. «Hauei ere eskertu nahi diegu izan duten jarrera».