Juan Mari Olaizolaren 'Artetik Artera' lana ikusgai da Orioko Kultur Etxean maiatzaren 22a bitartean. Artista azpeitiarrak erakusketa eskaini nahi dio Oriori, «herriak emandakoagatik».
Orioko Kultur Etxeko aretora gerturatu orduko indar koloretsuak erakartzen du bisitaria. Juan Mari Olaizola margolari azpeitiarraren Artetik Artera pintura erakusketa da ikusgai maiatzaren 22a bitartean. «Margolan abstraktuak dira denak, unean-unean ateratzen zaidana margotzen dut. Ez dagoena sortzea gustatzen zait, horregatik nire margolanak batetik bestera oso desberdinak dira». Olaizolak margolan bat amaitzen duenean, horrekin «hausten» du, eta bestelako proiektu bat abiatzen. Dena dela, bere margolanek partekatzen dute ezaugarririk; denetan kolorea da nagusi.Olaizola azpeitiarra bada ere, Orio bere «bigarren herri» moduan sentitzen du. «Asko etortzen naiz Oriora; Usurbildik Oriora bitarteko errio bazterra asko gustatu izan zait beti. Benito Lertxundi kantaria laguna dut, eta berarekin ere biltzen naiz solasean aritzeko».
«Kulturak bizi duen egoera» ikusita, azpeitiarra ez da erakusketa zalea; «margolan bakoitzaren atzean lan asko dago. Erakusketa ez da egun batetik bestera jartzen, lanak garraitzea oso zaila izaten da. Horregatik, ez dut erakusketa gehiegi egiten». Olaizolak uste du herritarrek kulturarekiko duten jarrera aldatu beharko luketela, baita erakundeek ere; «kultura ez da behar adina baloratzen». Dena dela, azpeitiarrak lotura berezia du Oriorekin, eta bertan erakusketa jartzera animatu da. «Oriok asko eman dit, eta erakusketa zor niola uste dut, zerbait eskaini nahi nion herriari».
HITZA-ko aleekin osatuta
Erakusketan mota askotako lanak bildu ditu Olaizolak. Alde batetik, lau zatitan banatutako Gernika ikus daiteke; «horrekin Euskal Herria nola dagoen azaldu nahi dut: zatituta». Bestetik, lan geometrikoak ere badaude, «Oteizaren sinbolismoa» oinarrian dutenak.
Euskal prentsaz osatutako collage bat ere bada erakusketan. «UROLA KOSTAKO HITZA egunero irakurtzen dut, gertuko egunkaria iruditzen zait. Hainbat zenbakitako aleak bildu nituen, eta kultur arloko jendeari egindako albiste, erreportaje eta argazkien bidez osatu nuen collagea. Horren gainean esaldi batzuk nabarmendu nituen, nire munduaren ikuspegia azaltzeko modua bezala», azaldu du. Horretaz gain, Benito Lertxundiren erretratuak ere badira erakusketan.
Kolorearen ezaugarriaz gain, Olaizolaren erakusketak badu besteekiko desberdintasunik. Erakusketan bilduta dauden lanek ez dutelako izenbururik. «Nahiago dut norberak bere interpretazio propioa egitea, lan batek sentipen eta ideia asko sor baititzake».