Orioko alkategaiei galdera: "Zergatik eman behar dizue botoa oriotarrek udal hauteskundeetan?"

A. Larrañaga Solaberrieta 2015ko mai. 12a, 07:00

Karkara aldizkariak antolatutako mahai-inguruan Jakes Goikoetxea moderatzaileak hurrengo galdera egin zien alkategaiei: Zergatik eman behar dizue botoa oriotarrek udal hauteskundeetan? Emeterio Iribar (EH Bildu): «Agintaldian oso lan ona egin da. Eredu aldaketa eman da, eta horrek datozen lau urteetan sakontzea eskatzen du. Horretarako, herritarren babes handia duen taldea aurkeztu dugu. Denon artean herri programa landu dugu eta prest gaude bertan bildutako proposamenak mahai gainean jarri eta gainontzeko alderdiekin adosteko. Gainera, Euskal Herriaren burujabetzaren alde lan egiteko ere badugu gure eskaintza». Jose Angel Zaldua (EAJ): «EAJk du talderik indartsuena, esperientzia gehiena duena eta prestatuena. Orion egin diren azpiegitura gehienak EAJk sustatu eta egin ditu, eta datozen lau urteetan ere herriak behar dituen proiektuak hasi eta bukatu nahi ditugu. Harreman onak ditugu gainontzeko erakundeetan baliabideak Oriora ekarri ahal izateko. Gure ardatza pertsonak dira, oriotarren ongizatea da gure helburua». Miriam Uranga (Orain): «Gu herritarrei entzuteko eta oriotarren alde lan egiteko gaude. Alderdikeriek ez digute eragiten erabakiak hartzerakoan; duela lau urte baino eraginkorragoak gara, eta kudeatzen badakigu. Proiektuak hasi eta bukatu egin ditugu; horren adibide dira kanpina eta ludoteka. Akordioetara iristen badakigu, eta ez dugu dirurik xahutu». Irma Domingorena eta Ana Priede (PSE-EE): «Orioko emakume ezkertiarrak gara, eta gure asmoa herritarrei entzutea da. Azken lau urteetan ez gara udalean egon, baina bueltatu nahi dugu, eta bueltatuko gara indarrez beteta. Gardentasuna da gure helburua; gure bulegoko ateak beti irekita egongo dira herritarrentzat. Ez dakigu nori emango diogun botoa, eta proiektua izango da gure ardatza».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide