Oribarzar hondartza 2008an. (Iturria: Orioko Udala)
Oribarzar hondartza egun. (Iturria: Orioko Udala)
Oribarzar hondartzen zerrendatik kendu zuten duela zenbait urte ez dituelako oinarrizko baldintzak betetzen. Dena dela, oriotar askok, familiek batez ere, uda sasoian bertara joateko ohitura dute. Hori ikusita, Orioko Udaleko Obra eta Zerbitzu departamenduak eremua txukuntzea eta berreskuratzea erabaki du. «Inguru horretan hirigintza aktuazio asko egin dituzte azken urteetan, eta horrek eragin zuzena izan du Oribarzar hondartzan. 2008an ateratako argazkietan ikusi daiteke nabarmen egin duela okerrera hondartzak».
Orioko Udala Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen teknikariarekin eta Urola Kostako Udal Elkartearekin harremanetan jarri da, eta eremua txukuntzeko hainbat neurri hartzea adostu dute. Amaia Dorronsoro Obra eta Zerbitzu batzordeburuak azaldu duenez, «aldundiak hondartza garbituko du, makina pasako du. Bestetik, hondartzan jartzen diren zakarrontziak jarri eta bertan biltzen den zaborra jasoko du. Horretaz gain, Urola Kostako Udal Elkarteak plastikoak jasotzeko edukiontzi handia jarri du, 3.500 litroko edukiarekin».
Udalak hondartza inguruko belardia ere txukunduko du. «Seinaleak ere jarriko ditugu uda sasoiari begira hondartzaren erabilera arautzeko eta aholku batzuk emateko: txakurrek ezingo dute hondartzan ibili, birziklatzea gomendatzen da eta bainua ez dago debekatuta, baina ez da aholkatuko».
Kofradia bideko lanak
Bestalde, Oribarzarretik arrantza portura doan bidea itxita dago 2014ko neguan itsas denboraleak sortu zuen luiziaren eraginez. Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendarirza arazoa konpontzeko lanak egiten ari da egunotan eta, ondorioz, Oribarzar hondartza harriz beteta dago. «Jaurlaritzari eskatuko diogu harri horiek guztiak kentzeko eta hondartza lehen zegoen baldintza berean uzteko», azaldu du Dorronsorok.