Liegeko gure "historia"

karkara.eus Aktualitatea. 2015eko maiatzaren 7a

Aldapa zikloturista elkartekoek apirilaren 25ean Liegeko Klasikan hartu zuten parte eta beren esperientzia kontatu diote 'Karkara'-ri

Aldapa Zikloturista elkartekoek apirilaren 25ean Liégeko klasikan hartu zuten parte. Beren esperientzia kontatu diote Karkara.eus-en.
"Iazko urrian hasi ginen Liégerako bidaiari forma ematen. Bilera bat egin ostean, gorpuzten joan zen plana. Berehala lotu genituen beharrezkoak ziren kontuak: hegazkina, hotela eta bizikletaren garraioa. Hortik aurrerakoak epe motzean adostu genituen.

Bidaia kilometroz kilometro

Errazena egin genuen: lasterketan izena eman. Baina, zailena falta zitzaigun, alderdi praktikoa: probari aurre egiteko prestakuntza. Urritik aurrera, hileko azken igandetan, irteera bat egin dugu elkarrekin. Lehendabizikoa 125 kilometrotakoa izan zen, eta azkena 260 kilometrotakoa. Eguraldia ez da baldintza izan irteera egiterakoan, euria egin arren ez baitigu bertan behera utzi bat bera ere. Batean izan ezik, beste guzietan busti egin gara. Aurtengo negua gogoratu, bestela. Baina taldearekin hartutako konpromisoa euria eta hotzaren gainetik gelditu da. 15 euroko isuna jarri genuen asteburuan etortzen ez zenari, baina ez du inork huts egin. Ez du inork isuna ordaintzen lehena izan nahi, baina, garrantzitsuagoa dena, ez dio inork taldeari kale egin nahi izan. Taldekako entrenamenduez gain, bakoitzak bere prestakuntza propioa egin du. Hegazkinez egin dugu joan-etorria. Bizikletak eta maletak, aldiz, alokatutako furgoneta batean eraman ditugu, errepidez. Hotela Liégeko aireportuaren aldamenean hartu dugu, Orica Green Edge taldeko Neil Stephensen bitartez, berak iaz han hartu baitzuten ostatua. Gurekin joan den Xabierrek egin du harremana berarekin. Aurreko ostiralean, hilak 24, iritsi ginen Bruselako aireportura. Eta handik, furgonetan, Liègera. Bizikletak jaso eta bazkaldu ostean, dortsalaren bila joan ginen bizikletaz, hankak askatzeko. Guztira 15 kilometro egin genituen. Behin dortsalak jasota, hotelera bueltatu ginen. Dutxatu eta afaltzera. Menua, sinplea: makarroiak eta makarroiak. Afalorduan, hizketarako gaiak izan ziren larunbateko eguraldia, jantzi beharreko arropa, soinean eraman beharreko janaria, egun horretako loa... zalantza asko genituen, urduritasuna nabari zen. Baina disfrutatzeko egun bat izan behar zuen, eta horrela izan zen, bai horixe!...". Kontaketa osorik irakurtzeko Karkara.eus-en.
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide