43. Bidasoa Itzuliaren 3. etapa Orion hasi eta bukatuko da. Itzulia lau etapaz osatuta dago, eta asteazkenean hasi da. Orioko hitzordua maiatzaren 8an izango da, ostiralean, eta parte-hartzaileek 131 kilometroko ibilbideari egin beharko diote aurre.
Irteera eta helmuga Arrantzale kalean kokatuko dute, baita podiuma ere. Irteera 14:30ean egingo dute, eta Abeslari, Herriko Plaza eta Aritzagatik barrena joanda, N-634 errepidera aterako dira. Iritsiera 17:46ak aldera izango dela aurreikusten dute.
Lasterketa dela medio, goizeko 08:00etatik proba amaitu arte Oriotik ateratzeko Txanka-Hondartza bidea erabili beharko da. Era berean, hainbat kaletan ezingo da aparkatu: Arrantzale kalean, egun osoan; Abeslari kalean, egun osoan; Herriko Plazan, lasterketa irteterakoan; eta Aritzagan, lasterketa irteterakoan. Herritarrek Mendibeltz zelaiaren ondoko aparkalekua edo autopista azpiko aparkalekua erabili ahal izango dituzte.