"Indarrak bikoiztu" ditu Orioko EH Bilduk eta hautagai talde berria aurkeztu du

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko apirilaren 29a

Orioko alkate Beñat Solaberrieta eta EH Bilduko alkategai Emeterio Iribar oholtza gainean. (Egilea: Aiora Larrañaga) Astearte arratsaldean Orioko EH Bilduk hautagai taldearen aurkezpen nagusia egin zuen Orioko Kultur Etxean. Egun Orioko Udal Gobernua osatzen duen taldeak eta maiatzaren 24ko udal hauteskundeetara aurkeztuko den lantaldeak parte hartu zuten ekitaldian; "oraina eta etorkizuna" bildu ziren oholtza gainean eta horrekin proiektuaren eta lan ereduaren jarraipena islatu zuten Orioko EH Bilduko kideek. Aurpegi berriak eta udaleko kudeaketan esperientziadunak bildu dituzte. "Ez du inork ihes egin, talde berri bat etorri da eta indarrak bikoiztu egin ditugu". Emeterio Iribar da EH Bilduren alkategaia eta Orioko alkate Beñat Solaberrietak adierazi zuenez udala "inork baino hobeto" ezagutzen du zerrendaburuak. "Azken lau urtetan Orioko alkatea izan naiz; karguetan ez gaude betirako edo ez genuke behar. Jende berria sartzea guztiz beharrezkoa da. Emeterio Iribarrek urteak daramatza udaleko gaiak lantzen eta zinegotzi lanetan; azken lau urtetan bere laguntza ezinbestekoa izan da gure taldearentzat. Udala inork baino hobeto ezagutzen du Emeteriok. Indarrak bikoiztu egin ditugu eta aurrerantzean ni hor izango naiz nahi duen guztirako". Orion nahi det udalberrian udal berria ikusi zioen EH Bilduren abestiak. Aldaketa bete zen eta aurtengo udal hauteskundeetan aldaketa horren bigarren urratsa eman nahi du Orioko EH Bilduk. Emeterio Iribarren iritziz "talde koloretsua eta indartsua" aurkeztu dute. Egun udal gobernuko kide diren bi zinegotzi, Amaia Dorronsoro eta Bixente Lasa, ere bidelagun izango dituzte. "Gogoz eta ilusioz hasi nintzen eta horrela jarraitzen dut legealdi honetan ere. Bi agintaldien arteko zubi izatea izango da agintaldi honetan nire konpromisoa" adierazi zuen Dorronsorok. Orioko EH Bilduko kideen iritziz, talde berrian aurtengo agintaldiko bi zinegotzi izateak, "ez du esan nahi gainontzeko zinegotziek proiektua alde batera utziko dutenik". Ekiñe Saizar zinegotziak argi azaldu zuen koalizioaren filosofia: "politika beti mugimenduan, arnasberritzen ari den zernbait" dela ulertzen dute. Horregatik, zerrendaren lehen postuetan agertu ez badira ere,  "zuen ondoan egongo gara eta gure esperientzia zuen eskura izango duzue beti" adierazi zion talde berriari. Herri programa Datozen egunetan zabalduko du Orioko EH Bilduk herri programa. Azken hilabeteetan oriotar talde anitza hurrengo lau urteetarako herri programa lantzen aritu da eta Emeterio Iribar alkategaiak proiektu "serioa eta egingarria" dela azpimarratu zuen agerraldian Iribarrek. "Guretzat herri programa abiapuntua izango da, baina gure erronka programa herritarrekin konpartitu, hobetu eta denon artean landutakoa aurrera eramatea izango da".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide