Emeterio Iribar: «Ekimen txikiekin oriotarren ongizatea hobetu daiteke»

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko apirilaren 29a

Emeterio Iribar da Orioko EH Bilduko alkategaia

Emeterio Iribar Orioko EH Bilduko alkategaia da. (Egilea: Aritz Mutiozabal) Lehendik ere zinegotzi izandakoa zara. Zerk animatu zaitu alkategai aurkeztera? Arrazoi bat baino gehiago izan dira. Alde batetik, taldearengandik jaso dudan babesak animatu nau; taldeak nigan konfiantza izan ez balu ez nintzatekeen aurkeztuko. Bestetik, Euskal Herriaren independentziaren aldeko eginbeharra beti oso barneratuta izan dut, eta une honetan argi ikusten dut udalek helburu hori gauzatzeko funtzio garrantzitsua izango dutela. Horretaz gain, nik beti parte hartu izan dut herrigintzan, eta gehien interesatu zaidan arloa hirigintza izan da. Bi ikuspegitatik bizi izan dut hirigintza; barrutik, udalean herriarentzat lanean eta erabakiak hartzen izan naizenean; eta azken urteetan, berriz, kanpotik. Uste dut kanpoko ikuspegiak lehen nituen hutsuneak hobetzen lagundu didala. Zer behar ditu Oriok? Orio herri txukuna da, bertan bizi direnei bizi kalitate ona eskaintzen die, eta bisitan etortzen direnentzat ere erakargarria da. Dena dela, nik faltan botatzen dut aurrera begirako estrategia bat, Nolako Orio nahi dugu etorkizunari begira? Horren inguruan hausnartzeko tresna ona da plan orokorra. Ez da hirigintza diseinu edo antolaketa hutsa; bertan herriaren diagnosi bat egin da, Oriok dituen ahuleziak eta indarguneak aztertu dira, eta arlo desberdinetan erantzun batzuk prestatuko dira. Parte-hartze prozesuaren bidez lantzen ari gara Orioko Plan Orokorra, eta EH Bildutik hasieratik sinetsi dugu herritarren ekarpenak ezinbestekoak direla etorkizuneko Orio nolakoa izatea nahi dugun erabakitzeko. Zer eskainiko diezue zuk eta EH Bilduko lantaldeak Oriori? Topikoa dirudi, baina gure taldeak ilusio handia du, lanerako gogoa dugu, eta gainera, EH Bilduk kudeaketaren bermea erakutsi du azken lau urteetan. Gu entzutera eta erantzutera gatoz; herriari begira lan egingo dugu, gertutasunetik eta herriko eragileekin eta herritarrekin elkarlanean. Horretarako, udalaren eta herritarren arteko komunikaziorako zubiak indartu nahi ditugu, uste dugulako modu horretan gauzak txukunago egiten direla. Zein izango da zuen lehentasun nagusia datorren agintaldiari begira? Ez ditugu azpiegitura erraldoiak proposatuko. Herritarrek bizitza kalitate ona izan dezaten ez baitira azpiegitura handiak behar; uste dugu ekimen txikiekin poliki-poliki oriotarren ongizatea hobetu daitekeela: irisgarritasuna bermatuz edo gizarte zerbitzuen bitartez herritarren beharrak asetuz, esaterako. Akzio jakinak ere baditugu: parke estalia egiteko proiektua eta plazan komunak jartzea, adibidez. Horretaz gain, guretzat oso garrantzitsua da Orioko Plan Orokorra. Guk parte hartze ereduan oinarritutako lanean sinesten dugu, eta bertan parte hartu duten oriotarrei diegun errespetuagatik, ez dugu azpiegitura jakinik proposatu nahi. Plan Orokorrak esango du Oriok zer behar dituen, eta gu horiek errespetatzen saiatuko gara. Nola baloratzen duzu EH Bilduko udal gobernuak egin duen lana? Oso lan ona egin da, eta guk bide horri jarraipena eman nahi diogu. EH Bildu udal gobernura iritsi zenean, udalaren erantzukizuna esku hutsik hartu zuen. Arraunetxeko obra hasita zegoen eta gardentasun falta handia zegoen gaiaren inguruan, erabaki azkarrak hartu behar izan ziren eta gardentasuna bermatzeko urratsak eman. Oro har udalean zegoen gardentasun gabezia nabarmenduko nuke, eta hori hobetzeko lan handia egin da. Bestetik, herritarren parte hartze eredua ere sustatu da; Kirol Mahaia, Kultur Mahaia, Topagune Berdea dira horren adibide, eta eragileen eta udalaren arteko harremana asko hobetu da. Uste dugu parte hartzea gauzak ondo egiteko bermea dela. Horretaz gain, kirol azpiegituren kudeaketa bateratu egin da, eta festa eredua asko indartu da. Aurreko agintalditik gai batzuk zintzilik geratu dira. Motondo eta %65eko birziklatze tasara iristea, esaterako. Hurrengo agintaldian gai horiei helduko al diezue? Bai, noski. Motondo mahai gainean geratu izanak pena handia eman zigun. Udalari doan aterako zitzaion Motondo berreskuratzea, eta ez zuen aurrera egin proiektuak. Uste dugu Motondok Oriori asko ekarriko liokeela, natur baliabide garrantzitsua izateaz gain, uholdeen arriskuen aurrean aringarria izango litzatekeelako. Horregatik, gaiari berriz helduko diogu; datorren agintaldian zehar diru laguntzak izatea espero dugu, eta ea lortzen dugu gehiengo adostua Motondo berreskuratzeko. Hondakinen gaiak ere zeresana eman du. Hondakinen gaia delikatua da, eta asko korapilatu da liskar politikoa bihurtu delako. Horregatik, lehenik eta behin helburuak zehaztu behar direla uste dut. Liskarrak alde batera utzi, eta ezinbestekoa iruditzen zait adostasunera iristea. Birziklatu behar dela ados bagaude, horretarako sistema egokia zein den adostuko dugu. Bitartean, herritarrei birziklatzen laguntzeko bitartekoak jartzeko proposamenak ere baditugu: esaterako, kontsumitzaile handiek organikoa bildu dezaten erraztasunak ematea. Hondakinen mahaiak 2015erako %65 birziklatzera iristea jarri zuen helburu. Urruti dago hori gaur egungo egoeratik. %40 inguruko birziklatze tasa dugu egun. Helburua finkatu zen, baina ez zen hori lortzeko sistemarik zehaztu. Oriotarrek borondatez birziklatzeko urratsa emango zutela pentsatu zen. Dena dela, errealitateak erakutsi digu hori ez dela horrela; oraingoz ez da posible Orion %65 birziklatzea herritarren borondate hutsarekin. Horregatik, udalak urratsak eman beharko ditu hori lortu ahal izateko. Horretarako sistema egokiaren inguruko eztabaidan ez dut sartu nahi. Emaitza onak eman dituzten hainbat sistema daude: txip bidezko bosgarren edukiontzia, edo atez ateko sistema, esaterako. Nik ez dut bakar bat ere baztertuko, eta adostasunetara iristeko prest nago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide