Egun nola ikusten duzu herria?
Herria triste dagoela iruditzen zait, gaueko bederatzietatik aurrera kalera ateraz gero ez da ezer ikusten. Bizitasuna behar du, giroa jarri behar dugu eta gazteak kalera ateratzera animatu behar ditugu. Bestetik, txukunketa bat behar duela ere iruditzen zait. Zaborraren gaiaren inguruan lan gutxi egin dela nabari da, eta kaleetan barrena paseatuta, zikin samarra ikusten da herria.
Zer eskainiko diezue zuk eta zure taldekideek herriari?
EAJk beti egin duen bezala, lana, esperientzia, zintzotasuna eta gardentasuna eskainiko dizkiogu herriari.
Ez zara inoiz politikaria izan, baina kudeaketan baduzu esperientzia, ezta?
Federazio bateko lehendakaria naiz egun, eta lehenago elkarte handi bateko idazkari nagusia izan nintzen. Kudeaketan esperientzia handia dut, bizitza osoa horretan aritu naiz-eta.
Zein izango dira zuen lehentasunak?
Gu alderdi humanista gara, eta gure lehentasuna oriotarrak dira. Egingo dugun guztia oriotarren onerako egingo dugu, alegia, herritarren bizimodua hobetzeko. Hauteskundeei begira programa osatzen ari ginenean, alkate ohi batek esan zidan alkate batentzat garrantzitsuena pertsonak direla. «Herritar baten etxe aurreko kale-argia argirik gabe bazagok, argi hori konpondu behar dik alkateak; herritarra esertzen den eserlekua puskatuta bazagok, hori konpondu behar dik. Horrela herritarrek ikusiko ditek pertsonen alde zerbait egiten ari haizela», esan zidan.
Azpiegiturei dagokionez, ba al duzue proposamenik?
Ondo dakigu Oriok zer behar dituen. Lehenik eta behin, Aizperroko industrialdearen gaia zein egoeratan dagoen ikusi nahi dugu. Aurreko agintaldian onartu zen eremu horretan industrialdea egitea, eta guk proiektuarekin aurrera jarraitu nahi dugu. Ez dakigu agintaldi honetan zein urrats eman diren, baina berriz ere martxan jarri nahi dugu. Bestetik, Aizperroko industrialdeko zirkulazioa bideratzeko Anibarko Portuaren eta Arraunetxearen artean zubia egin nahiko genuke. Eremu horretan zubia egiteko plana bazegoen, baina baimenak, aurrekontu proiektua eta beste hainbat izapide falta dira. Prozesu luzea izaten da, eta uste dugu lehenbailehen martxan jarri behar dela. Horrez gain, Arozena fabrikako eremuan adinekoentzat eta menpekotasuna duten pertsonentzat egoitza egiteko proiektua ere badago. Oraindik Gipuzkoan ez dagoen egoitza eredua izango litzateke, alegia, zerbitzu gehiago eskainiko lituzkeena.
Badira agintaldi honetan zintzilik geratu diren zenbait gai. %65eko birziklatze tasa lortzeko hondakinen kudeaketa da horietako bat. Zer asmo dituzue arlo horretan?
Gaia zintzilik uzteko lehendabizi landu egin behar izaten da, eta bukatu gabe geratzen denean, orduan geratzen da zintzilik. Nik ez dakit agintaldi honetan zein gai geratu diren zintzilik, ez baitakit ezer landu duten.
Dena dela, hondakinen gaia heldu beharreko gaia dela uste dugu, zaborra arazoa baita Gipuzkoan. Guk bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egingo dugu. Ildo horretan, Orioko zaborra biltzeko kontratu berria egin beharko dela uste dugu, lehen aipatu dudan bezala, zikin samar baitago eta ohikoa da edukiontzien kanpoko aldean zabor poltsak ikustea.
Motondo berreskuratzeko proiektua mahai gainean egon da agintaldi honetan. Zein da EAJren jarrera Motondori dagokionez?
Ni ez nago Motondo urperatzearekin ados. Ez zait ondo iruditzen herriarena den lurra galtzea. Ni ume kozkorra nintzenean Motondo Orioko baratzea zen, gu etxean bazkaritan ari ginela askotan ikusten genituen Motondotik zetozen alak belarrez beteta errioan behera. Orain ere egokiagoa ikusten dut Motondon nekazaritzarako edo beste mota bateko proiekturen bat garatzea, hondoratzea baino.
Hala ere, Motondo udalarena da, eta ez da bertan proiekturen bat egiteko presarik eduki behar. Motondo erosi zen Orioko Udalak hondartzan zituen lurrak saldu zirenean. Hondartzako lurrak 70 urtez eduki zituen udalak; urte askotan ez zen ezer egin, eta unea iritsi zenean, hondartzako inguru guztia txukundu eta hiritartu egin zen. Motondorekin ere gauza bera gertatuko da; ez dakigu hemendik 30 urtera herriak zer behar izango dituen. Ez dut uste lur sail eder hori hondoratzea erabilera egokiena denik.
Azken lau urtetan EH Bilduk izan du alkatetza. Zer aldatuko da EAJk alkatetza lortzen badu?
Agintaldi honetan hauteskundeak EAJk irabazi zituen, baina Orainek eta Bilduk erabaki zuten EAJri alkatetza kentzea, EAJren formak gustatzen ez zitzaizkiela argudiatuta. Hasi orduko aitortu zuten EAJk udalean egindako kudeaketa oso ona izan zela. Guk ezin dugu esan beren kudeaketa ona izan denik. Beraz, gure kudeaketa eredura itzuliko gara. Bestalde, formei dagokionez, ez zitzaien gustatzen EAJk noiz jartzen zituen batzordeak edo noiz eta nola pasatzen zien informazioa gainontzeko udal taldeei. Hala ere, uste dugu arlo horretan ere okerrera egin dutela, eta gu gure martxara itzuliko gara.
Azken hilabeteetan herriko enpresariekin bildu zara. Eragileekin elkarlanean saiatuko al zara?
Herritarren beharrak ezagutzea oso garrantzitsua da. Enpresariekin bildu gara zein behar dituzte ezagutzeko. Orion ekintzaile asko dago, baina beste herrietara joan dira; beraiek gustura Orion geratuko ziratekeen, baina herrian ez dute horretarako aukerarik. Gauza bera gertatu zen gure garaian etxebizitzekin. Gazte asko kanpora joan zen bizitzera hemen etxebizitzarik ez zegoelako. Azken hamarkadan etxebizitzak egin dituzte, eta kanpotik jende asko etorri da herrira. Beraz, ekintzaileei aukera egokiak eskainiz gero, horiek ere etorriko dira.