«Taldekideen iritziak entzunda hartzen ditugu erabakiak»

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko apirilaren 28a

Herri plataforma sortu eta lau urte Orioko udal gobernuan aritu zarete. Zer moduzkoa izan da esperientzia?Interesgarria. Udaletxeko lanak aberasgarriak bezain nekagarriak dira. Pentsatzen genuen bizitzak eta errealitateak duten konplexutasunen bilgunea...

Herri plataforma sortu eta lau urte Orioko udal gobernuan aritu zarete. Zer moduzkoa izan da esperientzia?

Interesgarria. Udaletxeko lanak aberasgarriak bezain nekagarriak dira. Pentsatzen genuen bizitzak eta errealitateak duten konplexutasunen bilgunea izango zela udala, eta halaxe izan da. Ia dena da luze eta zabal, ia dena egiten da beti bezala. Besteak beste, horri buelta bat emateko aurkezten gara. Orain lau urteko eskarmentua dugu, eta gure lana eraginkorragoa eta azkarragoa da.

Herri plataformek ohiko alderdien egituratik bestelakoa duzue. Talde iritzia, esaterako, oso garrantzitsua da. Eguneroko gaietan hori abantaila edo oztopoa izaten da?

Abantaila da ematen duen malgutasunagatik. Edozein gai eztabaidatzerakoan taldekideen informazioak nahiz iritziak entzunda hartzen ditugu eraba- kiak, nazio edo beste mailetako estrategien zamarik gabe, ez dugu inongo siglen presiorik. Bestetik, oztopoa da bat-batean eta presaka hartu beharreko erabakietan ez dugulako aurrez finkatutako irizpide trinkorik. Horregatik, gure etengabeko eskaria da informazioa garaiz eta epearen barruan bidaltzea. Noizbehinka ezusteko eta ezohiko zerbait gertatzea posible da, bizitza horrelakoa delako, baina hori ezin da eguneroko gauza bilakatu.

Gaiak taldean aztertzeak alderdikerietatik aldentzen al zaituzte?

Garbi dago alderdikerietatik aldentzen garela. Ez gara alderdi bat, eta erreferente hori ez izateak sortzen dituen abantailak eta oztopoak ditugu.

Zer eskaintzen dio Orainek Oriori?

Duela lau urte esaten genuena esaten jarraitzen dugu. Herria oriotarrena da, eta denon artean erabaki behar dugu gure eta ingurukoen bizitzarako hoberena zer den; beldurrik eta lotsarik gabe. Hitz potolorik gabe, seriotasunez eta zintzotasunez.

Lan egiteko konpromisoa dugu. Horretarako, partaidetza sustatzeko beste bide batzuk bilatu behar dira. Gaur egungo ereduak agortuak daude, gehienetan jende gutxi biltzen da, eta ez da herri osoaren errepresentagarria izaten. Ikusi besterik ez dago Orio 2030 parte hartze prozesuan zein jende gutxik parte hartu duen. Dena dela, ezin da amore eman. Partaidetza oso aberasgarria da, eta bultzatu behar dela uste dugu.

Datorren agintaldiari begira, zein izango da Orainen lehentasuna?

Alde batetik, garbitasuna. Azken urteetan herria garbitzeko kontratu berria lehiaketara ateratzeko eskaria behin eta berriz egin dugu batzordean. Ez da atera. Aurten bai, aurrera doa, pleguak idatzita daude eta dirua aurrekontuetan jarrita. Kontratu berriarekin herriari errepaso orokorra emango zaio. Bistakoa izango da hobekuntza, bere garaian lorezaintza kontratu berriarekin egin zen bezala. Bestetik, turismoa. Azken urteetan kanpinari buelta handia eman zaio. Merezi duen tokian jarri da. Orain Turismo Mahaia eratu behar da, eta erabaki Oriok zein turismo mota nahi duen eta ondoren asmoak bideratu. Honek oriotarrengan eragin zuzena du: merkatari eta ostalarien artean bereziki, eta herritar guztiongan. Horretaz gain, lehentasuna izango da udaleko lan prozesuak berrikustea, ezinbestekoa baita funtzionamendu zuzen eta egoki bat izateko. Brigada indartu behar da, langileak dauden zerbitzuetara egokituz.

Badira herrian zeresana sortu duten hainbat gai. Motondoren urperatzea eta zaborraren kudeaketa dira horietako bi. Zer iritzi du Orainek horien inguruan?

Askotan hitz egin da Motondoren etorkizunaz baina, gure ustez, ez behar den tokian, ezta solaskide egokiekin ere. Askotan esan dugu Aranzadik idatzitako proiektuarekin bat gatozela, baina gauzak hasieratik egin behar dira ondo, eta gai horretan hasierako lurren erosketan dago akatsa. Horri heldu behar zaio nahi eta nahi ez. Herritarrek benetan ezagutzen al dute gai hori? Herritarrek ba al dakite Orioko Udalak 2.000.000 euro ordaindu zituela lur sail horrengatik, erabilpena legez araututa dagoela, eta ezin dela edozer gauza egin eremu horretan? Motondo gaia ondo ezagutu behar dute herritarrek, iritzia zuzen eman ahal izateko.

Zaborra kudeatzeko sistemaren inguruan ere eztabaida egon da herrian.

Zaborraren kudeaketa hondakinen birziklapenarekin lotuta dago. Lau hanketako mahaia osatu genuen hiru udal taldeok eta Orio Zero Zaborrek. Azken horrek utzi egin zuen mahaia, eta mahaia erori egin zen. Ez dago mahairik, ez dago hondakinak hobeto jasotzeko plangintzarik, ezta emaitzen kritika positiborik ere. Bosgarren edukiontziak herritarraren konpli- zitatea eskatzen du, hori landu egin behar da, eta agintaldi berriko erronka izango da: Nik birziklatzen dut, zuk zergatik ez?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide