Atzo Liburuaren Eguna izan zen, eta horren harira Orion Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoa jarri dute martxan irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz. Orioko Udalaren Euskara Zerbitzuak, Euskaltzaleen Topaguneak eta Karkara-k antolatu dute egitasmoa, eta erosketa txekeak eta elkarteetako bazkideentzako abantailak eskainiko ditu ekimenak Iturain, Mauka edo Ontza liburu dendetan.
Atzo abiatu zuten egitasmoa, eta ekainaren 30ean amaituko da; liburu dendetan uztailaren 11n bukatuko dute kanpaina.
Prozedura
Egitasmoan parte hartzeko lehenik eta behin herriko liburutegi publikoan euskarazko edozein liburu maileguan eskatu behar dute herritarrek. Etxean lasai-lasai irakurri eta liburua amaitutakoan, liburutegira itzuli beharko da, eta bertan fitxa sinple bat bete, liburuaren inguruko iritzia emanez. Fitxa entregatzean liburuzainak erosketa-txekea emango dio herritarrari, eta hori hitzartutako Orioko liburu dendan erabili ahalko da.
Liburutegiko erosketa-txekearekin parte-hartzaileek liburuaren prezioan %25eko deskontua izango dute, eta Karkara-ko bazkideek are handiagoa lortuko dute: %50eko deskontua.
Bestalde, maiatzaren eta ekainaren bukaeran ekimenean parte hartzen dutenen artean 30 euroko erosketa-txeke bana zozkatuko dira liburutegian.