Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Rosi Lazkano Orioko Gure Esku Dago taldekoa da
Rosi Lazkano Orioko Gure Esku Dago taldeko kidea da. Orion taldea sendotzeko lanean ari dira.
Azken bileretan Orioko Gure Esku Dago taldea sendotzen aritu zarete. Zergatik egin duzue deialdia orain?
Iaz Gure Esku Dago-k giza-katerako deialdia egin zuenean, hiru emakumek urratsa eman genuen eta Orion giza-katean parte hartzeko deialdia egin genuen. Aurten ekainaren 21erako ekitaldirako deialdia egin denean, jende gutxi elkartu gara, eta bakoitzak bere zereginak izaten ditu, gainera. Horregatik, erabaki genuen deialdi irekia egin eta Orioko Gure Esku Dago taldea sendotzea. Lehen bilerak ez zuen erantzun ona izan, baina bigarrenean talde polita bildu ginen, 8-10 laguneko taldea, eta aurtengo ekitaldiak Orion nondik nora antolatuko ditugun zehaztu dugu.
Oriotarrei parte hartzea kostatu egiten al zaie?
Ez. Ekimen jakin bat antolatzen denean erantzun ona izaten du; ez da lehenengoan lortzen, baina eguna iristen ari den heinean jendea animatzen da parte hartzera. Gainera, edozer eskatuta ere herritarrek beren laguntza eta babesa ematen dute. Kostatzen dena herritarrek beren egunerokoan antolaketa lanetan aritzeko tartetxo bat aurkitzea eta ardura hartzea izaten da, denok oso lanpetuta bizi baigara. Nik uste dut ekimen hau ez dela unean uneko zerbait, taldeari jarraipena eman behar zaio eta horretarako ezinbestekoa da herri bakoitzean taldetxo bat osatzea.
Ekainaren 21eko ekitaldi nagusiaren harira, zer egingo duzue Orion?
Eskualdeko herri askotan datorren astebururako antolatu dituzte festak. Orion mantsoago gabiltza, eta gauzak behartu beharrik ez dagoela uste dugunez, datorren asterako antolatu ditugu saioak. Hilaren azken egunean emango dugu Gure Esku Dago egitasmoaren Jostunak dokumentala; maiatzaren 3an, Orion Artisau Eguna egingo dela aprobetxatuz, postua jarriko dugu egun osoan zehar, eta arratsaldean oihalak josteko festatxoa egingo dugu.
Ekitaldi zehatzak antolatzeaz gain, hausnarketarako biderik ireki nahi al duzue Orion?
Gure helburua da erabakitzearen aldeko mugimendua Orion zabaltzea eta herritarren artean gaiaren inguruko hausnarketa sustatzea. Jaiek eta ekitaldiek ikusgarritasuna ematen diote mezuari, baina funtsean herritarrok erabakitzeko eta geure iritzia emateko dugun eskubidea aldarrikatu nahi dugu, eta horretarako baliabideak jarriko ditugu.
Herritarren parte hartzea garratzitsua al da bide horretan?
Denok osatzen dugu Euskal Herria, eta uste dugu herritarrok geure iritzia lasai emateko aukera eduki beharko genukeela, presiorik gabe. Hori lortzeko gure mezua etxe, lantoki eta eremu guztietara iristea nahi dugu, eta horrela, herritar parte-hartzaileak sortu. Egunerokoan desberdinen artean elkarbizitzeko eta adostasunetara iristeko gaitasuna izaten dugu, eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen gaiari dagokionez ere hori lortu behar dugu; tentsioez eta errezeloez harago herritarren artean gaia normaltasunez jorratzea, alegia. Lotsarik gabe, euskal herritarrok gure iritzia eman eta nola bizi nahi dugun denon artea erabaki behar dugu.
Jaiek eta ekitaldiek urratsak eman ditzaten balio al dute?
Gaia gizarteratzeko balio dute herri mailan antolatzen diren jaiek eta nazio mailako ekitaldiek. Horiek gabe lantaldeek urtean zehar egiten duten lana ez litzateke ikusiko. Gure Esku Dago herri ekimenari bultzada emateko bidea dira, eta herritarrek mugimenduarekin bat egiteko balio dute, gainera. Egitasmoak antolatzen ditugunean herritarrei izena emateko eskatzen diegu, horrela parte hartzea erregistratuta geratzen da eta herritar kopuru handi bat Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde dagoela erakusten dugu.