Hondartzako aparkaleku eremuak duen funtzionamendu bera izango du, eta Orioko TAO biñeta ez dutenek ordaindu egin beharko dute bertan aparkatzeagatik.
Orion Munto eremuko aparkaleku handian, Mendibeltz futbol zelai ondokoan, TAO sistema jarriko du Orioko Udalak uda sasoian. Hondartza eremuko aparkalekuak duen funtzionamendu bera izango du. Hala, Orioko TAO biñetak ez dituzten ibilgailuek bertan aparkatzeagatik ordaindu egin beharko dute 10:00etatik 20:00etara bitartean. Uda sasoian egongo da indarrean neurria, hau da, ekainaren hasieratik irailaren erdialdera.Iaz proposatu zuen neurria Orain udal taldeak, baina ez zen aurrera atera EH Bildu eta EAJ aurka agertu zirelako. Dena dela, aurten berriz proposamena egin du Orainek, eta EAJk aldeko jarrera izan du. EH Bildu aurka azaldu bada ere, aurrera atera da neurria.
Orain udal taldeko bozeramaile Miriam Urangaren iritziz, «herritarren ongizateari begira» hartutako neurria da. «Bere garaian esan zen aparkaleku horrek Eusko Gudari Kaleko eta Arrantzale Kaleko eremu urdina konpentsatuko zuela. Izan ere, kale horietan bizi diren herritarrek beren ibilgailuak aparkatzeko lekua izan behar dute, eta beren kaleetan denbora mugatuz aparkatu daitekeenez, Munto eremuko aparkaleku handiak behar hori asetzeko aukera emango zuela pentsatu zen».
Biñeta ez dutenentzat
Normalean negu partean ez da arazorik izaten, baina uda garaian, bisitariak herrira edo hondartzara joaten direnean, Munto eremuan ere aparkatzen dute, eta zenbait egunetan ibilgailuak aparkatzeko arazoak izaten dituzte herritarrek. «Arazo horri irtenbidea eman nahi izan diogu. Oriotarrek ez dute ordaindu beharrik izango, eta bisitariek bertan aparkatu nahi badute ordaindu egin beharko dute, eta diru hori herriarentzat izango da». Orion bizimodua egin, baina herrian bizi ez direnek biñetak eskuratzeko alternatiba badutela gogorarazi du Urangak. Zerga Bilketa Sailetik azaldu dute Aian erroldatuta daudenek, Orion bizi baina enpresako ibilgailua dutenek, Orion jaio baina kanpoan bizi direnek, Orion lan egiten dutenek eta kanpinean partzela iraunkorra dutenek TAO eremuan aparkatu ahal izateko biñeta eskuratu dezaketela udalean, 42 eurotan.
EH Bildu ez dago neurriarekin ados, aparkalekua «herrian ibilgailuak aparkatzeko dagoen eremu libre gutxienetakoa delako». Hala ere, EAJk eta Orainek gehiengoa dutenez, TAO jarri egingo du udalak uda sasoian. Udalak esan du Munto eremuan egokitu zuten aparkaleku alternatiboan ez dutela TAO jarriko, eta Obra eta Zerbitzu batzordeburu Amaia Dorronsorok jakinarazi du aparkaleku horretan konponketa lanak eta betelanak egingo dituztela datozen egunetan, neguan egin dituen euriteen eraginez lurzorua kaltetu delako. Atzo hasi ziren lanekin.
HITZA saiatu da EAJren iritzia ere biltzen, baina ez du lortu haiekin harremanetan jartzerik.