Miriam Uranga (Orain): "Mendibeltz aparkalekuan TAO jartzea herritarren ongizateari begira hartutako neurria da"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko apirilaren 22a

Mendibeltz Zelaiaren ondoko aparkalekuan marra urdinak margotu dituzte. (Egilea: Aiora Larrañaga) Munto eremuko aparkaleku handian TAO sistema jarriko dute uda sasoian eta kezka sortu du neurriak ibilgailua Orion erroldatuta ez dutenen artean. Orain udal taldeak sustatu du neurria eta bertako bozeramaile Miriam Urangaren iritziz «herritarren ongizateari» begira hartutako neurria da. «Bere garaian esan zen aparkaleku horrek Eusko Gudari Kaleko eta Arrantzale Kaleko eremu urdina konpentsatuko zuela. Izan ere, kale horietan bizi diren herritarrek beren ibilgailuak aparkatzeko lekua izan behar dute eta beren kaleetan denbora mugatuz aparkatu daitekeenez, Munto eremuko aparkaleku handiak behar horri asetzeko aukera emango zuela pentsatu zen». Normalean negu partean ez da arazorik izaten, baina uda garaian bisitariak herrira edo hondartzara joaten direnean Munto eremuan aparkatzen dute eta zenbait egunetan ibilgailuak aparkatzeko arazoak izaten dituzte herritarrek. «Arazo horri irtenbidea eman nahi izan diogu. Oriotarrek ez dute ordaindu beharrik izango eta bisitariek bertan aparkatu nahi badute ordaindu egin beharko dute eta diru hori herriarentzat izango da». Orion bizimodua egin, baina herrian bizi ez direnek TAO binetak eskuratzeko alternatiba badutela gogorarazi du Urangak. Orioko Zerga Bilketa Sailetik azaldu dute Aian erroldatuta daudenek, Orion bizi baina enpresako ibilgailua dutenek, Orion jaio baina kanpoan bizi direnek, Orion lan egiten dutenek eta Orioko Udal Kanpinean partzela iraunkorra dutenek Orioko TAO eremuan aparkatu ahal izateko bineta eskuratu dezaketeela udaletxean 42 euroren truke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide