Orioko bi ikastetxeetako ikasleek 2.000 euro bidaliko dituzte Gihara herriko eskolara. Orioko Ikastolak eta Giharako eskolak urte askotako harremana dute
Orioko ikasleek 2.114 euro bidali dituzte aurtengoan Ruandako Gihara herriko eskolara. Diru laguntza bide desberdinetatik lortu dute. Alde batetik, Orioko bi ikastetxeetako ikasleek elkarrekin Gabon eskean irten zuten, eta bertan jasotako dirua bidali dute. Bestetik, Orioko Herri Ikastolako DBHko 4. mailako ikasleek tonbola solidarioa antolatu zuten Gabon egunean, eta bertan lortutako irabaziaren erdia bideratu dute, baita ikastolako ikasleek Santa Eskean jasotakoa ere.Orioko eta Giharako eskolen elkartasun harremanak ibilbide luzea du. Orioko Herri Ikastolako irakasle izandako Demetrio Esnaolaren anaiak, Leandro Esnaola misiolariak, urte asko egin zituen Ruandan, eta haren bitartez jarri ziren harremanetan bi eskolak. «Urtero proiektu desberdinetara bideratzen dute dirua: eskolako teilatura, ur depositora, eskolako mahaietara edo ikasmaterialera. Beti bidaltzen dizkigute argazkiak dirua nora bideratu duten erakusteko. Gainera, bi ikastetxeetako ikasleek eskutitz bidezko harremana dute, eta bertan ere azaltzen digute», azaldu du Zigor Saizar Orioko Ikastolako zuzendariak. Ruandako eskolarentzat 2.000 euro laguntza handia da, eta «inbertsio handiei aurre egiteko balio die».