Bi mila euro Rwandako Gihara herriko ikastolarako

Urola Kostako Hitza 2015eko apirilaren 17a

Orioko ikasleek 2.114 euro bidali dituzte aurtengoan Rwandako Gihara herriko eskolara. Diru-laguntza bide desberdinetatik lortu dute. Alde batetik, Orioko Herri Ikastolako DBHko 4. mailako ikasleek tonbola solidarioa antolatu zuten gabon egunean eta bertan lortutako irabaziaren erdia Rwandara bideratu dute. Horretaz gain, Orioko bi ikastetxeetako ikasleak elkarrekin gabon eskean irten ziren eta bertan jasotako Rwandara bidali dute; baita, Orioko Herri Ikastolako ikasleek Santa Eskean jasotakoa ere. Orioko eta Giharako ikastolen elkartasun harremanak ibilbide luzea du. Orioko Ikastolako irakasle zen Demetrio Esnaolaren anaiak, Leandro Esnaola misiolariak urte asko egin zituen Rwandan eta haren bitartez jarri ziren harremanetan bi eskolak. «Urtero proiektu desberdinetara bideratzen dute dirua: ikastolako teilatua, ur-depositua, ikastolarako mahaiak edo ikasmateriala. Beti bidaltzen dizkigute argazkiak dirua non bideratu duten erakusteko. Gainera, bi ikastetxeetako ikasleek eskutitz bidezko harremana dute eta bertan ere azaltzen digute» azaldu du Zigor Saizar Orioko Ikastolako zuzendariak. Rwandako eskolarentzat 2.000 euro laguntza handia da eta «inbertsio handiei aurre egiteko balio die».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide