Igandean haurrek eta gaztetxoek dortsalak jantzi eta lasterketa batean parte hartzeko aukera izango dute, Zaragueta Eskolak Kros Txikia antolatu baitu iganderako. Hasiera batean otsailaren 1erako antolatu zuten haurrei zuzendutako kirol hitzordua, baina eguraldi txarra zela-eta bertan behera utzi behar izan zuten, eta datorren asteburuan antolatzea erabaki dute.
Zaragueta Herri Eskolak gaztetxoen lasterketa antolatzen duen seigarren urtea da, eta aurreko urteetan bezala, adin taldeei egokitutako luzerak zehaztu dituzte, 2001-2010 urte bitartean jaiotako haur era gazte- txoek beren mailari egokitutako lasterketa jokatu dezaten.
11:45ean bilduko dira parte-hartzaile guztiak Zaragueta Herri Eskolako sarreran, eta 12:00etan emango zaio hasiera probari. Haur bakoitzak bere adin tarteari dagokion dortsala eramango du, eta dortsala bular parean dutela parte hartu beharko dute. Hala ere, antolatzaileek jakinarazi dute dortsalek zintekin lotuta joan beharko dutela, eta «inola ere ez katekorratzekin lotuta», eskatu diete gurasoei. Lasterketa amaitutakoan parte-hartzaile guztiek jasoko dute domina bana.
Igandean lasterka aritu nahi duten haurrek izena eman beharko dute Zaraguera Herri Eskolako zuzendaritzan edo 943-89 40 52 telefono zenbakira deituta, nahiz Orioko Kultur Etxean edo Karela Kiroldegian. Dena den, egunean bertan ere eman dute horretarako aukera.