Orio.3.Iruten Hezkuntza Jardunaldian oriotar orok izango du zeresana

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko apirilaren 15a

Larunbaterako Orioko historiaren inguruko gosari tertulia antolatu du Orioko Curriculuma Sortzen taldeak. Ostiralera bitartean zabalik izango da saioan izena emateko aukeraOrio.3.Iruten Hezkuntza Jardunaldia antolatu dute Orion datozen asteetarako. Ori...

Larunbaterako Orioko historiaren inguruko gosari tertulia antolatu du Orioko Curriculuma Sortzen taldeak. Ostiralera bitartean zabalik izango da saioan izena emateko aukera

Orio.3.Iruten Hezkuntza Jardunaldia antolatu dute Orion datozen asteetarako. Orioko Curriculuma Sortzen taldeak antolatzen duen hirugarren hezkuntza jardunaldia izango da aurtengoa eta Orio.3.Iruten «Hiru iruten» ahoskera borobila baliatuz, «Orioko Curriculuma sortzeko prozesua bera ere borobildu» nahi dute antolatzaileek, «herriko hezkuntza esparruan egin dugun ekarpenari merezi duen amaiera eman eta aurrera begirako erronkak azaltzeko», azaldu dute antolatzaileek.

Larunbatean egingo dute lehen saioa eta bertan Giza eta Gizarte Zientzien arloko txostena itxi aurretik, dokumentuari azken astindua eman nahi dio Orioko Curriculuma Sortzen taldeak herritarrekin batera. Arloan lagundu duten herriko adituak eta interesa duen herritar oro kafe beroaren eta opilen bueltan bildu nahi dituzte. «Hasieratik gure helburua oriotarren ezagutza eta iritzia jasotzea izan da, eta bide horretan, ezinbestekoa iruditzen zaigu herritarrek jardunaldietan parte hartzea. Larunbateko saioarekin eta maiatzaren 9rako antolatu dugun bizikleta martxarekin, askotan hezkuntza arloan beren ekarpena egiteko aukerarik ez duten herritarrei hitza eman nahi diegu, modu informalean, eroso sentitu daitezen», azaldu du Iñigo Gaiton taldeko kideak. Horregatik herritarrei gonbita zuzena luzatu die jarduera desberdinetan parte hartzeko: zahar, gazte, irakasle, okin, arrantzale, saregile, dantzari zein arraunlari, «guztiek izango dute Orioko Curriculumeko txostenak itxi aurretik kontatzeko zerbait».

Taldeko kideek jakinarazi dute jardunaldiaz harago zerbait esan nahi dutenek oriokocurriculuma@gmail.com helbidera lasai idaz dezaketela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide