Miguel Angel Millares: "Nazioarteko Estropada jokatzeko gogoz gaude"

Nerea Uranga 2015eko apirilaren 3a

Orio Arraunketa Elkartea sortu zeneko 50. urteurrena ospatzen ari da. Ospakizun ekitaldien barruan, biharko (larunbata, apirilak 4) aulki mugikorreko Orioko XVI. Nazioarteko Estropadak antolatu ditu. Egun guztirako ekitaldiak antolatu dituzte, baina 11:00etan da  estropadan parte hartuko duten taldeen aurkezpena eta 16:15ean hasiko da kirol ekitaldia Oria ibaian. 700 metroko ibilbidea dute lerroan, Arraunetxetik Orioko plaza bitarterainokoa. Gizonezkoek zortzikoan ariko dira eta emakumezkoak laukoan. Lerroko estropada «ikusgarria» da Miguel Angel Millares (Ribadeo, Lugo, Galizia, 1980) Orioko aulki mugikorreko seniorretako gizonezkoen entrenatzailea da 2012tik. Baina, arraunlaria ere bada bai mugikorrean eta baita fijoan ere. 2003tik etorri zen Oriora arraun egitera eta 2006tik bertan bizi da. Nolatan hasi zinen Orioko zortziko aulki mugikorreko taldea entrenatzen? 2011ko denboraldia bukatuta zegoen, eta Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritza berritu zen, zuzendaritza talde berriak aulki mugikorreko entrenatzaile postua eskaini zidan, onartu egin nuen eta gaur arte. Aulki mugikorreko taldea hartu zenuenean, nahiko apal zegoen ezta? 2012an hartu nuen nik seniorretako taldea, eta 2011n hala-hola ibili zen, orduan aulki mugikorra asko jaitsita zegoen herrian. 2012an pertsona batzurekin lanean hasi nintzen, eta 2013an mailan gora jauzi bat eman genuen. Iaz, berriz, kirol emaitza aldetik urterik onena izan genuen: distantzia luzeko eta lerroko Euskadiko Txapelketak irabazi genituen, eta Espainiako Txapelketan bigarren gelditu ginen, zortzikoa lemazainarekin mailan. 2012tik mailaz maila gora egin dugula esan dezakegu, eta Oriok aulki mugikorrean izandako maila lortuta gaudela. Goi mailan edo aurre-aurrean dabiltzan taldeekin lehiatzeko mailan gaude, hau da, Nautico de Sevilla edota Labradores de Sevilla-ren kontra. Seniorretako taldea nola dago osatuta? Talde nahasia da: alde batetik, Imanol Garmendia eta Ander Zabala daude, iaz 23 urtez azpiko munduko txapeldunak, eta Jon Carazo 25 urte ditu eta absolutua da. Hirurak gaur egun Espainiako aulki mugikorreko taldearekin ari dira lanean. Gero, beste taldekideok egunero Orion entrenatzen dugu: 20-22 urte arteko 3-4  eta beste bi beteranoak garenak. Beraz, denetik gaude taldean: Espainiako selekzioarekin lanean ari direnak, eta klubean bertan ari garenak eguneroko lanean gogoz. Orioko Nazioarteko Estropada jokatzeko gogoarekin al dago taldea? Bai, oso gogotsu eta estropada eguna etortzeko zain. Aurten, eguraldi txarragatik estropada asko bertan behera gelditu dira, eta lehiatzeko gogoarekin gaude. Bi txapelketa bakarrik jokatu ditugu aurten, eta gainontzeko ia guztiak ez dira egin eguraldiagatik. Horregatik, Orioko Nazioarteko Estropadara gutxi lehiatuta gatoz. Baina, beno, gu egunero ondo entrenatzen ari gara, eta bereziki estropadarako egin dugu lana. Orain, apirilaren 4ko [biharko] Orioko Nazioarteko Estropada dugu helburu bakarra. Caminhense, Molesey, Cambridge, Bordeaux, Banyoles, Amposta, Tui-Miño, Labradores, Nautico de Sevilla, Aviron Baiona eta Santiagotarrak taldeak izango dituzue estropadako aurkariak. Cambridge eta Molesey dira Inglaterrako taldeak, eta horietatik arriskutsuena Molesey dela esango nuke, nolako mailarekin datozen ikusita. Gero, Labradores eta Nautico de Sevilla ere aurkari gogorrak izango dira; Labradores azken lau urteetako Espainiako txapelduna da. Baina, hala ere lan pixka bat ematen saiatuko gara eta baita irabazten ere. Irabaztea beti da ederra, baina etxean irabaztea are ederragoa da. Irabazteko aukera bai orduan? Bai, bai. Talde guztiok izango dugu irabazteko aukera, 700 metroko estropada bat da-eta. Hau da, hiru minutu baino gutxiagoan jokatuko den estropada bat izango da, eta elkarren artean egongo den aldea gutxienekoa izango da. Aldea, askotan, azken metroetan erabakitzen da, eta askotan photofinish-ean ikusi behar izaten da. Denok izango dugu irabazteko aukera, eta detaile txikien arabera erabakiko da estropada: gehiago den talde batek ontzia zuzentzeko orduan akats txikiren bat egin eta horrek estropadaren bukaeran eragin dezake. Orioko taldea irabazteko ahalegin guztiak egiteko prest dago. Urte batzutan jokatu gabe egon ondoren, aurten berreskuratu egin da Orioko Nazioarteko Estropada. Hala da, estropada hau egingo zela esan zigutenetik oso gustura gaude taldekook. Orion, etxean, oso gustukoa den estropada da, Oria ibaian, herri barruan egiten da. 2009tik ez da egin, eta orain berreskuratzea ederra da. Nik orain dela 10 urte hartu nuen parte Orioko nazioarteko estropadan, eta arraunlari bezala jarduteko ederra da, eta ikuslearentzako ikusgarria. Aurten telebistak emango du eta pantaila handi bat ere muntatuko dute, egun eder bat izango delakoan gaude. Estropada honek aulki mugikorra bultzatzeko balioko al du? Hala nahi dugu izatea. Batik bat hemen, Gipuzkoan, aulki mugikorra bultzatzeko eta ezagutarazteko balioko du; jendeak ikus dezan zortziko estropada bat zein ikusgarria den. Jendeak ikusi behar du, Kontxa eta TKE liga bakarrik ez direla arraunaren mundua; arraunean badaude beste modalitate batzuk ere kontutan hartzeko modukoak. Orion bertan nola dago aulki mugikorra? Orion aulki mugikorra nahiko apal dago gaur egun: Orio Arraunketa Elkartean aulki mugikorrean lanean 8-9 pertsona gabiltza eta fijoan 34-35 pertsona. Hor ikusten da garbi zein nabarmentzen den gehiago. Hemen, Euskal Herrian garrantzia gehiago fijoak du, eta aulki mugikorra bigarren plano batean gelditzen da. Espainiako hegoaldean, berriz, alderantziz da, han aulki mugikorrak indar gehiago du. Garai batean, Orio aulki mugikorrean erreferentzia zen, mugitzen zuen jende kopurua kontutan hartuta, baina klubera etorri nintzenean ohartu nintzen TKE, KAE zirela garrantzitsuenak. Baina, beno, azken urteotan egiten ari garen lanarekin emaitza politak lortzen ari gara, eta horregatik pozik nago. Orio Arraunketa Elkartea sortu zeneko 50. urteurren honetan aulki mugikorrari ere garrantzia ematen ari zaio, ezta? Orio Arraunketa Elkartea beti aulki mugikorragatik nabarmendu da. Gaur egun, haurrekin eta harrobiarekin lan oso ona eta txukuna egiten da, fitxa asko ditu klubak eta jende asko dabil arraunean. Niri gustatuko litzaidake, haur horiek seniorretara iristen direnean aulki mugikorrean ere segi dezatela. Mugikorra eta fijoa biak batera egin daitezke, garai batean halaxe egiten zen. Gauzak ondo eginda eta ondo antolatuta biak uztartu daitezke eta bai batean zein bestean emaitza onak eduki.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide