Aulki mugikorreko estropada Oria ibaian. (Egiea: J.J. Portos)
https://youtu.be/avsnr9vjfD0
XVI. Nazioarteko Estropada Babyauto Saria jokatuko da bihar arratsaldean Orion.
Orio Arraun Elkartearen 50. urteurreneko ekitaldien barruan antolatu dute estropada, eta aulki mugikorra bultzatzeko eta ezagutarazteko balioko duelakoan daude antolatzaileak eta babesleak. 8ko aulki mugikorrean gizonezkoen 12 taldek hartuko dute parte: Cambridge (Ingalaterra), Molesey (Ingalaterra), Caminhense (Portugal), Bordeaux (Frantzia), Banyoles (Herrialde Katalanak), Amposta (Herrialde Katalanak), Tui-Miño (Galizia), Labradores (Andaluzia), Sevilla (Andaluzia) eta Euskal Herrikoak Aviron Baiona, Santiagotarrak eta Orio. 4koan, emakumezkoetan, 8 talde ariko dira: Banyoles (Herrialde Katalanak), Amposta (Herrialde Katalanak), Tui-Miño (Galizia), Labradores (Andaluzia), Sevilla (Andaluzia), Aviron Baiona (Euskal Herria), Santiagotarrak (Euskal Herria) eta Orio.
Hamahiru estropada jokatuko dira, lerroan, 700 metrok distantzian: Arraunetxean irtenda eta helmuga plaza parean dutela. Lau kale izango dituzte, bakoitza 20 metro zabalekoa. Epaile lanak
Gipuzkoako Arraun Federazioak egingo ditu, eta epaileak lehen kalearen ondoan egongo dira Mutiozabal aldean. Estropada osoa lehorretik segitzeko aukera egongo da. Gainera, estropada segitzeko harmailak ere jarriko dituzte moilan. 250 lagunentzako tokia izango dute.
Nazioarteko estropaden harira jaia Orion
Bost-sei urte dira mota horretarako estropadarik ez dela antolatu herrian.
Ibon Huegun Orio Arraun Elkarteko presidentearen esanetan horretarako “baldintzak ez zeudelako”. Orain, elkartearen urrezko ezteiak tarteko, berreskuratu egingo dute nazioarteko estropada. Arrauna izango da protagonista larunbatean eta nazioarteko estropadarekin lotuta egun osoko ekitaldia antolatu dute Orion. Herritarrei festan murgiltzeko deia egin die
Orioko Udalak. "Traineru denboraldian ohitura den bezala, herriko balkoiak apaintzeko eskaera egin nahi dizuegu: bandera horiak, herriko denda eta tabernetan banatuko diren globoak, apaingarriak, arraunak... dena da baleko estropada aurreko egunak girotzeko" . Egun osoko jaia izango da eta goiz-goizetik kamiseta horia jantzita kalera ateratzea eskatu die Orioko alkate Beñat Solaberrietak oriotarrei.
EGITARAUA
– Goizetik, Babyauto gunea plazan, haurrentzako tailerrak eta jolasak.
– 11:30. Nazioarteko estropadan parte hartuko duten taldeen aurkezpena, plazan.
– 12:00. Txaranga lehiaketa. Hiru taldek hartuko dute parte: Miravalles (Candas, Asturias, Espainia), Els Vinardells (Villafranca del Penedes, Herrialde Katalanak) eta Orioko Talai Mendi.
– 16:15. XVI. Nazioarteko Estropaden hasiera. Oria ibaian, Arraunetxetik Orioko plazara artean.
– 17:40. Sari banaketa moila aurreko pantalanean.
– Arratsaldean eta iluntzean, txarangak kalerik kale.