Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
https://www.youtube.com/watch?v=avsnr9vjfD0&feature=youtu.be
XVI. Nazioarteko Estropada Babyauto Saria jokatuko da apirilaren 4an, Orion. Orio Arraun Elkartearen 50. urteurreneko ekitaldien barruan antolatu dute, eta aulki mugikorra bultzatzeko eta ezagutarazteko balioko duelakoan daude antolatzaileak eta babesleak. 8ko aulki mugikorrean gizonezkoen 12 taldek hartuko dute parte: Cambridge (Ingalaterra), Molesey (Ingalaterra), Caminhense (Portugal), Bordeaux (Frantzia), Banyoles (Herrialde Katalanak), Amposta (Herrialde Katalanak), Tui-Miño (Galizia), Labradores (Andaluzia), Sevilla (Andaluzia) eta Euskal Herrikoak Aviron Baiona, Santiagotarrak eta Orio. 4koan, emakumezkoetan, 8 talde ariko dira: Banyoles (Herrialde Katalanak), Amposta (Herrialde Katalanak), Tui-Miño (Galizia), Labradores (Andaluzia), Sevilla (Andaluzia), Aviron Baiona (Euskal Herria), Santiagotarrak (Euskal Herria) eta Orio.
Bost-sei urtetan ez da antolatu nazioarteko estropada Orion, “baldintzak ez zeudelako”, Ibon Huegun Orio Arraun Elkarteko presidentearen esanetan. Orain, elkartearen urrezko ezteiak tarteko, berreskuratu egingo dute. Hilabeteak dira kirol ekitaldi hau antolatzen ari direla Oriokoak. “Azaroan Londresera ere bidaia azkar bat egin genuen, eta han eskuzabalik hartu gintuzten Cambridge eta Molesey taldekoek, eta gonbidapena ilusioz hartu zuten”, azaldu du Beñat Solabarrieta Orioko alkateak.
Aulki mugikorra ezagutarazi eta bultzatu
Orioko Arraun Elkarteak estropada antolatzeko erakunde publikoen laguntza eta Babyauto enpresarena jaso ditu. Denek laguntzeko eta kirol ekitaldia babesteko egin duten ahalegina eskertu du Huegunek. “Estropada aulki mugikorraren erakusleiho ona izango da, 8ko txapelketa ikusgarria izaten baita. Gure nahia aulki mugikorra bultzatzea eta nazioarteko estropada egunean arraunlari bezala egun polita pasatzea da”, esan du Orioko seniorretako 8ko aulki mugikorreko taldearen entrenatzaileak. Orioko arraunlariak eguna iristeko gogo eta ilusio handiarekin daude, “arraunlariak egunaren zain daude”.
Aulki mugikorra sustatu beharra ere nabarmendu dute babesleek. “Azken urteetan traineruari eman zaio garrantzia, baina aulki mugikorra munduan zer garen azaltzeko edo ezagutarazteko garrantzitsua da. Beraz, aulki mugikorrean lehian jarraitzeko eta indartzeko lanean segitzeko eskaera berezia egingo nuke”, esan du Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak. Asier Sarriegi Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendaria ere bat etorri da: “nazioarteko estropaden proiektua aurkeztu ahala gustatu zitzaigun. Honek balio dezakeelako Gipuzkoarrei kirol hau ezagutarazi eta animatzeko”.
Orioko alkateak nazioarteko estropaden eguna iristeko “ilusioz eta oso pozik” daudela esan du: “Atzera begiratzeak balio dezala aurrera egiteko, arraunean bezala. Aulki mugikorra bultzatzeko balio dezala, baina emakumeen kirolarekin ere ez nuke ahaztu nahi, eta ea disziplina arteko berdintasuna ere iristen den”.
Lau-bost bat urtean Orioko Arraun Elkartea laguntzen ari dela eta Babyauto enpresari ere eskerrak helarazi dizkio Huegunek: “Estropada hauek antolatzeko ere lagunduko du, eta enpresa honek gurekin jarduteko egiten duen ahalegina eskertu nahi dugu, bere babesa oso garrantzitsua delako arraun elkartearentzako”. Joxean Azpeitia Babyauto enpresako ordezkariak esan duenez, urte batzuk badira enpresak arraunaren aldeko apustua egitea erabaki zuela: “Orioko Arraun Elkartea babestea erabaki genuen, eta gustura gaude. Aurten Oriorentzako urte oso garrantzitsua da, eta kirol ospakizun hauetan egon behar genuela uste genuen”.
Estropadaren xehetasunak
Iñaki Arostegi Orio Arraun Elkarteko idazkariak eman ditu estropadaren xehetasunak eta apirilaren 4rako antolatu dituzten ekitaldien berri. Hamahiru estropada jokatuko dira, lerroan, 700 metrok distantzian: Arraunetxean irtenda eta helmuga plaza parean dutela. Lau kale izango dituzte, bakoitza 20 metro zabalekoa. Epaile lanak Gipuzkoako Arraun Federazioak egingo ditu, eta epaileak lehen kalearen ondoan egongo dira Mutiozabal aldean. Estropada osoa lehorretik segitzeko aukera egongo da.
Estropada segitzeko harmailak ere jarriko dituzte moilan. 250 lagunentzako tokia izango dute. Bertarako sarrerak datorren astean jarriko ditu Orio Arraun Elkarteak herriko hainbat tokitan.
Egun osoko egitaraua
Nazioarteko estropadarekin lotuta egun osoko ekitaldia antolatu dute Orion apirilaren 4rako:
– Goizetik, Babyauto gunea plazan, haurrentzako tailerrak eta jolasak.
– 11:30. Nazioarteko estropadan parte hartuko duten taldeen aurkezpena, plazan.
– 12:00. Txaranga lehiaketa. Hiru taldek hartuko dute parte: Miravalles (Candas, Asturias, Espainia), Els Vinardells (Villafranca del Penedes, Herrialde Katalanak) eta Orioko Talai Mendi.
– 16:15. XVI. Nazioarteko Estropaden hasiera. Oria ibaian, Arraunetxetik Orioko plazara artean.
– 17:40. Sari banaketa moila aurreko pantalanean.
– Arratsaldean eta iluntzean, txarangak kalerik kale.