Maila handiko nazioarteko estropada antolatu dute Orion

Nerea Uranga 2015eko martxoaren 26a

Apirilaren 4an jokatuko da Oria ibaian. Gizonezkoetan 8ko hamabi talde ariko dira; tartean, Cambridge eta Molesey. Emakumeak 4koan ariko dira, hemen ere Orio ariko da lehian.Hainbat talde elkartuko da apirilaren 4an Orion, XVI. Nazioarteko Estropada Ba...

Apirilaren 4an jokatuko da Oria ibaian. Gizonezkoetan 8ko hamabi talde ariko dira; tartean, Cambridge eta Molesey. Emakumeak 4koan ariko dira, hemen ere Orio ariko da lehian.

Hainbat talde elkartuko da apirilaren 4an Orion, XVI. Nazioarteko Estropada Babyauto jokatzeko. Orio Arraunketa Elkartearen 50. urteurrenaren barruan antolatu dute, eta aulki mugikorra bultzatzeko eta ezagutarazteko balioko duelakoan daude antolatzaileak eta babesleak.

Bost-sei urtetan ez da antolatu nazioarteko estropada Orion, «baldintzak ez zeudelako», Ibon Huegun Orio Arraunketa Elkarteko presidentearen esanetan. Orain, elkartearen urrezko ezteiak tarteko, berreskuratu egingo dute; maila handiko lehiaketa antolatuz, gainera.

Atzo aurkeztu zuten egitasmoa Orioko udaletxean. Aulki mugikorreko gizonezkoen 8ko Cambridge (Ingalaterra), Molesey (Ingalaterra), Caminhense (Portugal), Bordel (Frantzia), Banyoles (Herrialde Katalanak), Amposta (Herrialde Katalanak), Tui-Miño (Galizia), Labradores (Andaluzia), Sevilla (Andaluzia) eta Euskal Herriko Aviron Baiona, Santiagotarra eta Orio; eta emakumezkoen 4ko Banyoles (Herrialde Katalanak), Amposta (Herrialde Katalanak), Tui-Miño (Galizia), Labradores (Andaluzia), Sevilla (Andaluzia), Aviron Baiona (Euskal Herria), Santiagotarrak (Euskal Herria) eta Orio lehiatuko dira.

Hilabeteak dira kirol ekitaldi hau antolatzen ari direla Oriokoak. «Azaroan Londresera ere bidaia azkar bat egin genuen, eta han eskuzabalik hartu gintuzten Cambridge eta Molesey taldekoek, eta gonbidapena ilusioz hartu zuten», azaldu du Beñat Solabarrieta Orioko alkateak.

Aulki mugikorra bultzatuz

Orioko Arraunketa Elkarteak estropada antolatzeko erakunde publikoen laguntza eta Babyauto enpresarena jaso ditu. Denek laguntzeko eta kirol ekitaldia babesteko egin duten ahalegina eskertu du Huegunek. «Estropada aulki mugikorraren erakusleiho ona izango da, 8ko txapelketa ikusgarria izaten baita. Gure nahia aulki mugikorra bultzatzea eta nazioarteko estropada egunean arraunlari bezala egun polita pasatzea da», esan du Orioko seniorretako 8ko aulki mugikorreko taldearen entrenatzaileak. Orioko arraunlariak eguna iristeko gogo eta ilusio handiarekin daude; «arraunlariak egunaren zain daude».

Babesleek ere aulki mugikorra sustatu beharra nabarmendu dute. «Azken urteetan traineruari eman zaio garrantzia, baina aulki mugikorra munduan zer garen azaltzeko edo ezagutarazteko garrantzitsua da. Beraz, aulki mugikorrean lehian jarraitzeko eta indartzeko lanean segitzeko eskaera berezia egingo nuke», adierazi du Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak. Asier Sarriegi Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendaria ere bat etorri da: «Nazioarteko estropaden proiektua aurkeztu ahala gustatu zitzaigun. Honek, balio dezakeelako, gipuzkoarrei kirol hau ezagutarazteko».

Orioko alkateak nazioarteko estropaden eguna iristeko «ilusioz eta oso pozik» dagoela dio: «Atzera begiratzeak balio dezala aurrera egiteko, arraunean bezala. Aulki mugikorra bultzatzeko balio dezala; baina, emakumeen kirolarekin ere ez nuke ahaztu nahi, eta ea diziplinen artean berdintasuna iristen den».

Lau-bost urtean Orioko Arraunketa Elkartea laguntzen ari dela-eta, Babyauto enpresari ere eskerrak helarazi dizkiete: «Estropada hauek antolatzen ere lagunduko du, eta ahalegin hori eskertu nahi dugu, bere babesa oso garrantzitsua delako arraun elkartearentzako». Joxean Azpeitia Babyauto enpresakoak esan duenez, urte batzuk badira enpresak arraunaren aldeko apustua egitea erabaki zuena: «Orioko elkartea babestea erabaki genuen, eta gustura gaude. Aurten Oriorentzako urte oso garrantzitsua da, eta kirol ospakizun hauetan egon behar genuela uste genuen».

Estropadaren xehetasunak

Iñaki Arostegi Orio Arraunketa Elkarteko idazkariak eman ditu estropadaren xehetasunak, eta apirilaren 4rako Orion antolatu dituzten ekitaldien berri. Hamahiru estropada jokatuko dira guztira; lerroan, 700 metroko distantzian. Arraunetxean izango du irteera, eta helmuga plaza parean. Lau kale izango dituzte, bakoitza 20 metro zabalekoa. Epaile lanak Gipuzkoako Arraun Federazioak egingo ditu, eta epaileak lehen kalearen ondoan egongo dira Mutiozabal aldean. Estropada osoa lehorretik segitzeko aukera egongo da.

Estropada segitzeko harmailak ere jarriko dituzte moilan, 250 lagunentzako tokiarekin. Bertarako sarrerak salgai datorren astean jarriko dituzte arraun elkartekoek herriko hainbat tokitan.

Herria horiz janztera deia

Nazioarteko estropadaren eguna kirola eta festa uztartuko dituen ekitaldia izatea nahi dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Horregatik, traineru denboraldian ohitura den bezala, herriko balkoiak bandera horiekin apaintzeko eskatu diete herritarrei. Gainera, apirilaren 4an, estropadaren egunean, elastiko horia jantzi eta Orio animatzera kalera ateratzeko deia egin dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide