Orioko 12 bertsolari, Korrika bezpera alaitzen

Onintza Lete Arrieta 2015eko martxoaren 21a

Iñaki Gurrutxagak, Unai Manterolak eta Iker Gurrutxagak osatutako taldea sailkatu  da bertso finalerako 2. kanporaketan. 1.saioan, berriz, Egoitz Eizagirrek, Arrate Illarok eta Igor Salsamendik lortu dute finalerako txartela. Jende mordoska gerturatu da bai Satxota sagardotegira, bai Errusta tabernara, herriko bertsolariak lanean ikustera. Finala larunbat gaurdian da, Kalakari tabernan. Errustako saioan era guztietako gaiak landu dituzte, eta parte-hartzaileek serio jartzeko nahiz umoreari heltzeko, bietarako izan dute tartea. Korrika Kulturaren barruan antolatu dute ekimena, eta Orion bertsolaritza eta bertsozaletasuna zabaltzea du helburu. Egun osoko txapelketa izan da,  hiru saiotan banatuta. Herriko 12 bertsolarik  hartu dute parte lehian lau taldetan banatuta. Baina, saio bakoitzean artista gonbidatuak ere izan dira. SAIOAK 1. saioa Satxota Sagardotegian egin dute, 16:00etan. Euskaltzaleen bazkariaren ostean Egoitz Eizagirre, Arrate Illaro eta Igor Salsamendik osatutako taldea, Imanol Lizarazu Habana, Mikel Iruretagoiena eta Antxon Manzisidorren aurka lehiatu dira. Ainhoa Zumeta eta Eneritz Odriozola aritu dira aurkezle lanetan, eta Maider Sukia, Laida Iturralde eta Iñaki Larrañaga artista gonbidatuak. 2. saioa Errusta tabernan izan da 20:00etan. Ibai Esoain, Rosi Lazkano eta Aitor Arregiren taldea, Iñaki Gurrutxaga, Iker Gurrutxaga eta Unai Manterolaren aurka lehiatu dira. Jokin Salsamendik aurkeztu du saioa eta Zigor Esoain eta Ibon Berasaluze izan dira artista gonbidatuak. 3. saioa, bertso txapelketako finala 00:00etan Kalakari tabernan. Aurreko bi kanporaketak irabazten dituzten taldeek parte hartuko dute saioan. Oskia Yabenek aurkeztuko du eta Jon Agirresarobe Torrotxo izango da artista gonbidatua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide