Datorren astelehenetik ostegunera XVIII. Musika Astean parte hartuko dute Orioko Danbolin Musika Eskolako ikasleek. Kontzertuek «helburu pedagogikoa» dute.
Datorren astean Orio musikan murgiltzeko prest da Danbolin Musika Eskola. Urtero bezala, aurten ere ez dute hutsik egin, eta XVIII. Musika Astea antolatu dute, «urtean zehar ikasgeletan egiten duten ahalegina» jendaurrean erakusteko asmoz. Musika izango da protagonista hilaren 23tik 26ra; haur txikietatik hasi eta musika tresnak ikasten ari diren helduetara arte, denek parte hartuko dute musikaren jaian.«Helburu pedagogikoa dute Musika Asteko kontzertuek» Elena Errasti Danbolin Musika Eskolako zuzendariaren esanetan; «ikasleek asko ikasten dute beste ikasleengandik, egin behar dena eta zenbaitetan baita egin behar ez dena ere. Horregatik, ikasleek besteen saioak entzutea gustatzen zaigu».
Musika eskolako arduradun eta irakasleek jakin badakite mota horretako kotzertuetan jendaurrean jo behar dutenek «tentsio puntua» izaten dutela. «Inori ez zaio publikoaren aurrean gaizki jotzea gustatzen, eta ikasleek dena primeran irten dadin asko entseatzen dute etxean». Dena dela, oholtza gainera igo aurreko «beldurrak une txarrak pasarazten dizkie» zenbaitetan. «Beldur hori bideratzen praktikak erakusen du, eta ikasleek beldur hori gainditzen ikastea ere bada kontzertu horien asmoa». Danbolin Musika Eskolako zuzendariak aitortu du ira- kasleek beraiek ere «oraindik urduritasuna» sentitzen dutela oholtza gainera igo aurretik.