Musikan murgilduko da Orio datorren astean

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko martxoaren 20a

Danbolin Musika Eskolako ikasleak bibolina jotzen. (Iturria: Karkara.com) Datorren astean Orio musikan murgiltzeko prest da Danbolin Musika Eskola. Urtero bezala, aurten ere ez dute hutsik egin, eta XVIII. Musika Astea antolatu dute, «urtean zehar ikasgeletan egiten duten ahalegina» jendaurrean erakusteko asmoz. Musika izango da protagonista hilaren 23tik 26ra; haur txikietatik hasi eta musika tresnak ikasten ari diren helduetara arte, denek parte hartuko dute musikaren jaian. «Helburu pedagogikoa dute Musika Asteko kontzertuek» Elena Errasti Danbolin Musika Eskolako zuzendariaren esanetan; «ikasleek asko ikasten dute beste ikasleengandik, egin behar dena eta zenbaitetan baita egin behar ez dena ere. Horregatik, ikasleek besteen saioak entzutea gustatzen zaigu». Musika eskolako arduradun eta irakasleek jakin badakite mota horretako kotzertuetan jendaurrean jo behar dutenek «tentsio puntua» izaten dutela. «Inori ez zaio publikoaren aurrean gaizki jotzea gustatzen, eta ikasleek dena primeran irten dadin asko entseatzen dute etxean». Dena dela, oholtza gainera igo aurreko «beldurrak une txarrak pasarazten dizkie» zenbaitetan. «Beldur hori bideratzen praktikak erakusen du, eta ikasleek beldur hori gainditzen ikastea ere bada kontzertu horien asmoa». Danbolin Musika Eskolako zuzendariak aitortu du irakasleek beraiek ere «oraindik urduritasuna» sentitzen dutela oholtza gainera igo aurretik. EGITARAUA MARTXOAK 23, ASTELEHENA 17:30ean, prestakuntzako ikasleek eta musika mintzairako 1. kurtsoko ikasleek kontzertua emango dute Kultur Etxean. 19:00etan, musika mintzairako 2. eta 3. kurtsoko ikasleen kontzertua eskainiko dute. MARTXOAK 24, ASTEARTEA 17:30ean, musika mintzairako 4. kurtsoko ikasleen eta 3. mailako gazteen kontzertua izango da Kultur Etxean. MARTXOAK 25, ASTEAZKENA 17:30ean, tailerreko ikasleen kontzertua. 19:00etan, musika eskoako 3. mailako ikasle helduek kontzertua emango dute Kultur Etxeko areto nagusian. MARTXOAK 26, OSTEGUNA 18:30ean, ganbera musikako kontzertua eskainiko dute Orioko Kultur Etxean. Donostiako Francisco Eskudero Kontserbatorioko ikasleak igoko dira oholtza gainera, herritarrak ganbera musikan murgiltzeko asmoz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide