Korrika 19an parte hartzera deitu dituzte oriotar euskaltzaleak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko martxoaren 13a

Urepelen abiatuko dute Korrika 19a martxoaren 19an, eta Euskal Herriko auzo, herri eta hirietan barrena euskararen arnasa zabalduko du. Oriotarrak Korrikaren giroan murgiltzeko hainbat ekimen antolatu dituzte herrian, eta antolatzaileek euskaltzale guz...

Urepelen abiatuko dute Korrika 19a martxoaren 19an, eta Euskal Herriko auzo, herri eta hirietan barrena euskararen arnasa zabalduko du. Oriotarrak Korrikaren giroan murgiltzeko hainbat ekimen antolatu dituzte herrian, eta antolatzaileek euskaltzale guztiak bertan parte hartzera animatu nahi dituzte.

Oriotik kanpo ere Korrika

Hilaren 22an pasako da Korrika 19 Oriotik, baina oriotarrek herritik kanpo ere eman nahi diote haizea euskarari. Alde batetik, Euskaraz bizi-bizik eta Orioko Curriculumak antolatuta Zabaldu Arnasa Korrika egitasmoa antolatu dute, eta hala, oriotarrak Agurainera joango dira bertako euskaltzaleekin Korrikan parte hartzera hilaren 28an.

Bestetik, hilaren 19an Urepelen Korrikaren hasieran parte hartuko dute, eta 09:30ean irtengo da autobusa Urepelera. Bertan parte hartu nahi dutenek igandera bitartean eman dezake izena Kultur Etxean edo Kolon Txiki tabernan. 10 eroko kostua du irteerak, eta autobusean bertan ordaindu beharko da. Herrira itzultzeko autobusa 19:30ean irtengo da.

Hasieran bezala, Korrikaren bukaeran ere egon nahi dute oriotarrek, eta hala, hilaren 29an Bilbora joateko autobusa antolatu dute. Bertan izena eman nahi dutenek martxoaren 23ra bitartean Kultur Etxean edo Kolon Txiki tabernan dute aukera. Autobusa 09:30ean irtengo da Oriotik, eta 10 euro autobusean bertan ordaindu beharko dituzte. Itzulera autobusa 20:30ean irtengo da Bilbotik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide