Iñaki Oliden idi pare gaztearekin. (Egilea: Aiora Larrañaga)
Zer moduzko maila egon da txapelketan?
Maila ona. Kintopeko txapelketan ez zen inoiz harri horrekin jokatu, eta orokorrean markak espero zirenak baino hobeak izan dira. Guk lehen egunean jokatu genuen, eta baldintza klimatikoak beste egunetan baino hobeak zirela esango nuke. Azken egunean plazako lurra egoera okerragoan zegoen: alde batetik, aurreko eguneko erabilerak eragiten diolako eta, bestetik, egun horretan hezetasun handiagoa zegoelako. Hala ere, egia da parte-hartzaileok nahiago izaten dugula azken egunean jokatzea, besteen erreferentziak edukitzen ditugulako.
Adi jarraituko zenuen, beraz, gainontzekoen lana.
Guk lehen egunean jokatu genuen, eta bigarren sailkatu zen Lopiorturekin genuen kezka, honek azken egunean baitzuen hitzordua. Izan ere, Lopiortuk duela hamabost egun Meñakan jokatu zuen txapelketa irabazi zuen. Ondo ibili ziren, baina bi aldiz harria eremutik atera zuten eta hori gertatzen denean atzera buelta egin behar izaten da; hor erritmoa galdu zuten.
Zer moduz ibili ziren zure idiak?
Oso gustura nago. Txapelketa batean parte hartzen zuten lehen aldia zen, eta nik uste baino maila hobea eman du idi pare gazteak.
Ikusleei dagokionez, zer giro antzeman zenuen?
Larunbatean bildu zen jendea, baina astelehena lasaiagoa izan zen. Horrelakoetan azken egunaren zain izaten dira zaleak, eta asteazkenean jendetza bildu zen. Giro ederra egon zen.
Udaberriarekin batera idi proba gehiago izango al dituzu?
Urtean zehar nahiko antzekoa izaten da txapelketa kopurua. Hala ere, datozen asteetarako baditut hitzorduak aurrikusita; hilaren 27an Laudion jokatuko dugu txapelketa, eta apirilaren erdialdean Azkoitiko kintopeko lehian izango gara.