Getariako portuan itsasontziak berdela arrantzatzetik etorri berritan. (Egilea: Aiora Larrañaga)
Berdelaren kanpaina pil-pilean da, eta astearen amaierarako kanpaina bukatutzat ematea espero dute arrantzaleek. Martxoaren 2an atera ziren itsasora; «berdela arrantzatzeko baimena berandu eman digute aurten eta eguraldi txarra dela-eta berandu samar itsasoratu ginen. Hala ere, zorionez arraina badago», zehaztu du Getariako Kofradiako lehendakari Emeterio Urrestik. Kuota dute arazoa, Europako Batasunak Espainiako itsasontziei guztira 9.000 tona berdel arrantzatzeko baimena eman baitie aurten; itsasontziko 100.000 kilo berdel inguru, iaz baino %15 gutxiago. «Kuota oso mugatua da, eta itsasontziko 97.000 kilorekin ez da ezertarako iristen», salatu du Orioko Kofradiako lehendakari Santi Peirok.
Prezioak ere ez die lagundu aurten, kiloa 0,40 eurotan erosten ari zaizkie erosleak eta hori «oso gutxi» dela iritzi diote arrantzaleek. Peiroren iritziz, «lehen ere prezio baxua zuen berdelak, baina asko harrapatuta moldatzen ginen. Antxoaren denboraldia iritsi bitartean lan egiteko aukera ematen zigun berdelak». Hala ere, Orioko eta Getariako kofradietako ordezkariek argi dute merkatuaren gora-beherek agintzen dutela arrantza sektorean ere. «Europa iparraldeko herrialdeek dute berdelaren kuotaren %70, eta merkatu oso ona dute gainera. Kontuan hartu behar da iparraldean arrantzatzen duten berdelak gurearekin alderatuta koipe gehiago duela, Omega 3 gehiago alegia, eta hori oso preziatua da mundu guztian», azaldu du Urrestik. Izan ere, Islandia ingurutik hegoalderuntz bidaia egiten du berdelak talde handietan, eta euskal kostaldera iristen denerako bidaian koipe asko galdua izaten du. Beraz, Europa iparraldeko herrialdeek berdel kuota handia izateaz gain, «beren berdela nagusi da merkatuan».
Eskualdeko itsasontziek arrantzatzen duten berdelaren %70 izoztu egiten da, eta Errusian, Europa ekialdeko herrialdeetan eta gero eta gehiago Afrikan saltzen dute. Hala, Europak Errusiari jarri dion debekuak merkatua murriztu duela antzeman dute arrantza sektorean lan egiten dutenek, eta berdela saltzeko zailtasun handiagoa dute orain. «Gure plataformek hozkailuetan iazko berdela dute oraindik, eta horrek bentan berdelaren salneurria jaistea eragiten du», Urrestiren ustez. Azkenean, faktore askok eragiten dute; tartean baita arrantzatzeko moduak ere. «Kanpaina egun gehiago luzatzea izango genuke, baina egun gutxiagotan arrrantzatzeko aukera badugu horrela egiten dugu, eta arrain asko porturatzeak prezioa jaisten du». Dena dela, arrantzaleentzat zaila izaten da itsasora atera, arraina aurkitu eta arrantzatu gabe uztea. «Gure lanbidearen parte da, belaunaldietako ohitura. Ez dakigu hurrengo egunean zer gertatuko den, eguraldia lagun izango dugun edo portuan geratu beharko dugun. Horren aurrean, arraina badago badaezbada arrantzatu egiten dugu, bestela ondokoak gure partez harrapatuko du-eta» .
Etorkizuna itsasoan
Zailtasunez harago, baxurako arrantzak etorkizuna baduela uste du Urrestik. «Zorionez, arraina badago: berdela, antxoa, txitxarroa, sardina,hegaluzea, hegamotza. Sei espezie horiek bakoitza bere garaian arrantzatzen ditugu, eta horiek saltzeko merkatua ere badugu». Gainera, azken urteetan arrain urdinak propietate onuragarriak dituela ezagun egin da, eta arrain merkea denez, «eskaera handia eta esportatzeko aukera» dute.
Urrestiren iritziz, gazteentzat bizimodua aurrera ateratzeko aukera izan daiteke arrantza. «Lehorreko lanbideekin alderatuta antolatzeko modua desberdina da; ordutegirik ez dugu, ez dugu jakiten lana noiz egingo dugun, itsasora noiz aterako garen, ezta zenbat irabaziko dugun ere. Baina nik 41 urte daramat itsasoan, eta beti ekarri dut bizimodua ateratzeko moduko soldata etxera». Arrantzan, baxurako itsasontzietan nahiz atunketari handietan etorkizuna badagoela uste du Urrestik. «Lehorreko lanbideetan prestatzen diren bezala, itsasoan lan egiteko ere eskola nautikoetan trebatzeko aholkatzen diet gazteei. Arrantzak etorkizuna badu-eta».