Ostiralean Hernaniko Argazki Forumaren erakusketa bat ireki zuten Orioko Kultur Etxean. Bertan elkarteko hainbat argazkilariren lanak bildu dituzte, tartean Josune Zabaleta oriotarrarenak. Orion ikusgai den erakusketa Hernaniko Biteri Kultur Etxean zabaldu zuten aurrena, urtarrilean. Orain, herrian izango da hilaren 20ra bitartean. Dena dela, Orioko aretoa Hernanikoa baino txikiagoa denez, ez da posible izan erakusketa osoa bertan sartzea, eta argazki aukeraketa egin behar izan dute. Hala ere, mota askotako argazkiak daude ikusgai, gai eta estilo anitzekoak.
Zabaleta oriotarrak, esaterako, loreen argazki makroak bildu ditu erakusketan. «Alegia, loreei gertutik ateratako argazkiak. Ez dut ohitura berezirik landareen gaia lantzeko, baina erakusketarako argazkiak aukeratzerakoan, gai aniztasuna izatea oso garrantzitsua iruditu zitzaidan, eta besteek jorratuko ez zuten gai bat aukeratu nuen», azaldu du.
Zaletuentzat aukera
Zabaletak uste du gaien aniztasun horrek sortzen duela ikuslearentzat erakusketa erakargarria izatea. «Zenbaitetan, gai jakin baten inguruko erakusketetan, bisitariak aspertzera iritsi daitezke. Erakusketa honetan ez da horrelakorik gertatzen. Kolore eta indar handia du erakusketak, eta erakargarri da oso. Ikustera etorri direnek oso ondo hartu dute bilduma, eta gustura gaude erantzunarekin».
Urtarrilean Hernanin egin zen erakusketa, eta 800 lagunetik gora hurbildu ziren Biteri Kultur Etxeko aretora. «Ahoz aho zabaldu zen berria herrian, eta oso ondo hartu zuten hernaniarrek. Orion ere horrela gertatzea gustatuko litzaiguke», azaldu du Zabaletak.
Erakusketan parte hartu duten argazkilari guztiak zaletasun hutsez aritzen dira argazkiak ateratzen, baina mimo eta gustu handiz egindako lanak direla antzematen da erakusketara sartu orduko. «Astean bitan biltzen gara Hernaniko Udalak utzi digun egoitzan, eta hainbat jarduera eta ikastaro egiten ditugu argazkigintzaren inguruan». Argazkiarekiko zaletasuna sustatzeko talde polita dela uste du Zabaletak, eta ekimen desberdinen bidez argazkilarien grina piztea lortzen duela uste du, gainera. «Antolatu dugun erakusketa kolektiboagatik izango ez balitz, oso zaila izango litzakete guretzat argazkiak jendaurrean erakustea. Beraz, oriotarrak animatu nahi ditugu Kultur Etxetik pasa eta argazki erakusketaz gozatzera», gonbidatu du Zabaletak.
Hernaniko Argazki Forumaren erakusketa bi astez egongo da ikusgai, hilaren 20ra bitartean, Kultur Etxeko areto nagusian; arratsaldeetan, 16:30etik 20:00etara bitartean.