Orain herri plataforma udal hauteskundeetara aurkeztuko da

A. Larrañaga Solaberrieta 2015eko martxoaren 10a

Orain plataforma 2015eko udal hauteskundeetara aurkeztuko da. Lau urte igaro dira lehen aldiz parte hartu zuenetik, eta urte hasierarekin batera datorren agintaldirako aurkeztu ala ez eztabaidatzeko eta erabakitzeko garaia iritsi zitzaion herri plataf...

Orain plataforma 2015eko udal hauteskundeetara aurkeztuko da. Lau urte igaro dira lehen aldiz parte hartu zuenetik, eta urte hasierarekin batera datorren agintaldirako aurkeztu ala ez eztabaidatzeko eta erabakitzeko garaia iritsi zitzaion herri plataformari. Horretarako, barne hausnarketa egin dute eta herritarren iritzia ere jakin nahi izan dute; adin, sexu, lanbide, esparru eta ideologia desberdinetako 95 herritar aukeratu dituzte, eta inkesta bat pasatu diete.

Banatutako 95 inkestetatik 62 jaso dituzte bueltan. «Erantzunen kantitatea eta kalitatea kontuan hartu dugu, baita guztiz kritikoak izan direnak ere. Eta jasotako erantzunek eman digute Orain herri plataformari hauteskundeetara aurkezteko indarra», esan dute. Oro har, oriotarrek ondo baloratu dute Orain udal taldeak udalean egindako lana; bostetik 3,9 puntuazioa jaso dute. Ildo horretatik, oriotarrek begi onez ikusten dute Orain udal taldea 2015eko hauteskundeetara aurkeztea; hamar puntutik 7,9 puntu.

Komunikazioa erronka

Herri plataformak jakin nahi izan du herritarrentzat lau urte hauetan zer akats egin dituen eta zer gabezia izan dituen. «Etxe guztietan bezala, gurean ere akatsak egiten dira, eta gabeziak daude». Herritarrek nabarmendu diete gabezietako bat informazio-komunikazio gutxiegi eman izana dela. «Guk bagenekien arlo horretan hobetu beharra genuela, baina bi eskuekin ezin izan dugu lana nahi bezala borobildu eta herritarrekin proiektua partekatu». Akatsak zuzendu nahi ditu Orainek, eta herritarrekin komunikazioa hobetzeko Twitter kontu bat ireki du (@orainorio). Posta elektronikoa ( orainorio@gmail.com) sortu du, eta Karkara.com webguneko Komunitatean Orainorio izenburua duen atala ere sortu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide