2004tik 2013ra, guztira 90.000 euro irabazi zituen Orioko udal kanpinak; 2014an, urte bakarrean 155.000 euro irabazi ditu. Azken hiru urteetan ia 1,7 milioi euro inbertitu ditu udalak.
Indarrez beteta ekin dio Orioko udal kanpinak denboraldi berriari. Izan ere, 2014a oso urte ona izan da Orioko udal kanpinarentzat. «2014an lortu den arrakasta berdintzen edo hobetzen ahaleginduko gara», berretsi dute kanpineko langileek eta Orioko Udaleko Turismo Sailak. Azken hamarkadako denboraldi onena 2010ekoa zen, eta iazko jarduerarekin konparatuz gero, irabazia 3,37 biderkatu da azken urte honetan. 2004tik 2013ra bitartean 90.089 euro irabazi zituen Orioko kanpinak guztira eta 2014an, urte bakarrean, 155.106 euro irabazi ditu. Gainera, 2014an fakturazio errekorra izan du kanpinak, 636.990 euro (BEZ gabe) fakturatu ditu. Miriam Uranga Turismo zinegotziaren iritiz «emaitza kanpineko langile taldeak egindako lan eskergarengatik izan da».Atzean geratu dira 2004an kanpinaren azalera erdira txikitu zenean sortu ziren zalantzak. «Urte askotan zalantzak egon ziren Orioko kanpinaren etorkizunaren inguruan, eta ez zen ia ezer gastatu mantenu eta berritze lanetan», zehaztu dute Turismo Sailetik. 2002tik 2011ra 218.926 euro inbertitu ziren, eta ez zen apenas diru laguntzarik lortu. «Udalak 2011n erabaki garbi bat hartu zuen: kanpinaren aldeko apustua egitea. 2012tik 2015era 1.697.961 euro ibertitu dira, eta 380.263 lortu dira diru laguntzetan; ia laurdena». Horrela, «zeharo zaharkituak» zeuden partzela guztietako instalazioak berritu dituzte; kanpineko zerbitzua berritu eta hobetu dute, eta 34 bungalow jarri dituzte, «etorkizunean kanpina urte osoan irekitzeko asmoarekin».
Denboraldiko erronkak
Martxoaren 2an abiatu du Orioko kanpinak denboraldi berria, eta bi erronka nagusi ditu aurten. Alde batetik, lanpostuak lan prozesu berrira egokitu nahi dituzte. Izan ere, udaletik jakinarazi dute bungalowek mantentze lan espezifikoa behar dutela eta langileen kontratazioa egiterakoan ezaugarri jakin bat eskatuko dute. Bestetik, kanpineko zuzendariaren eta mantenu arduradunaren lanpostuak ere hutsik daude, eta hiru udal taldeek erabaki dute lanpostu horien deialdia datorren agintaldian egitea.
Azkenik, kanpinaren eraikin nagusiko zerbitzua eta irudi komertziala ere hobetu nahi dute. Horretarako, irisgarritasun legearen arabera egokituko dute ingurua, eta eraikinaren kanpoko itxura hobetuko dute. Hasiera batean, lanak negu partean egitea aurrikusi zuen udalak, baina horiek ordaintzeko Eusko Jaurlaritzaren 115.000 euroko laguntza otsaila erdian iritsi zen, eta hala, martxoa eta apirila bitartean egingo dituzte lanak.