Orioko Kanpinean egindako inbertsioak etekina ematen hasi dira

A. Larrañaga Solaberrieta 2015ko mar. 9a, 10:30

Orioko kanpineko harrerari itxura aldatzeko lanak abiatuko dituzte martxoan. (Egilea: Aiora Larrañaga) 2011n Orioko Udalak Orioko udal kanpinaren aldeko apustua egin zuen eta udaleko turismo sailetik jakinarazi dutenez "2012tik 2015era egindako inbertsioaren fruitua agerian geratu da 2014ko balantzea egiterakoan". Izan ere, iaz azken hamarkadako urte hoberenarekin (2010rekin) alderatura irabazia 3,37 biderkatu da. 2004tik 2013ra bitartean 90.089 euro irabazi zituen Orioko kanpinak guztira eta 2014an, urte bakarrean, 155.106 euro irabazi ditu. Gainera, 2014an fakturazio errekorra izan du kanpinak, 636.990 euro (BEZ gabe) fakturatu ditu. Miriam Uranga turismo zinegotziaren iritiz "emaitza kanpineko langile taldeak egindako lan eskergarengatik izan da". Atzean geratu dira 2004an kanpinaren azalera erdira txikitu zenean sortu ziren zalantzak. "Urte askotan zalantzak egon ziren Orioko kanpinaren etorkizunaren inguruan eta ez zen ia ezer gastatu mantenu eta berritze lanetan" zehaztu dute udaleko turismo sailetik. 2002tik 2011ra 218.926 euro inbertitu ziren eta ez zen apenas diru-laguntzarik lortu. "Orioko Udalak 2011n erabaki garbi bat hartu zuen, kanpinaren aldeko apustua egitea. 2012tik 2015era 1.697.961 euro ibertitu ziren eta 380.263 lortu dira diru-laguntzetan, ia laundena". Horrela, "zeharo zaharkituak" zeuden partzela guztietako instalazioak berritu dituzte; kanpineko zerbitzua berritu eta hobetu dute eta 34 bungalow jarri dituzte, besteak beste etorkizunean kanpina urte osoan irekitzeko asmoarekin. 2015eko erronkak Martxoaren 2an abiatu du Orioko kanpinak denboraldi berria eta bi erronka nagusi ditu aurten. Alde batetik, lanpostuak lan prozesu berrira egokitu nahi dituzte. Izan ere, bungalowek mententze lan espezifikoa behar dute eta langileen kontratazioa egiterakoan perfil jakin bat eskatuko dute. Ildo horretan, kanpineko zuzendariaren eta mantenu arduradunaren lanpostuak ere hutsik daude eta hiru udal taldeek erabaki dute lanpostu horien deialdia datorren agintaldian egitea. Bestetik, kanpinaren eraikin nagusiko zerbitzua eta irudi komertziala hobetu nahi dute. Horretarako irisgarritasun legearen arabera egokituko dute ingurua eta eraikinaren kanpoko itxura hobetuko dute. Hasiera batean, lanak negu partean egitea aurrikusi zuen Udalak, baina horiek ordaintzeko Eusko Jaurlaritzaren 115.000 diru-laguntza otsaila erdian iritsi zenez martxoa eta apirila bitartean egingo dituzte lanak. Indarrez beteta abiatu dute kanpineko langileek eta Orioko Udaleko turismo sailak denboraldi berria. "2014ean lortu den arrakasta berdintzen edo hobetzen ahaleginduko gara. Egin den inbertsioak horretara garamatza".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide