Orain herri plataforma 2015eko udal hauteskundeetara aurkeztuko da Orion

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015ko mar. 6a, 12:08

Miriam Uranga izan da Orain udal taldeko bozeramailea udalbatzarrean 2011-2015 agintaldian. (Egilea: Onintza Lete) Horrela jakinarazi dute Karkara.com webguneko Komunitatean duten sailean. 2011n aurkeztu zen Orain herri plataforma udal hauteskundeetara "herritarren kopuru estimagarri batek" babesa eman ziolako. Lau urte igaro dira ordutik eta 2015 urte hasierarekin batera 2015eko udal hauteskundeetara aurkeztu ala ez eztabaidatzeko eta erabakitzeko garaia iritsi zitzaion herri plataformari. Horretarako, barne hausnarketa egin dute eta herritarren iritzia ere jakin nahi izan dute; adin, sexu, lanbide, esparru eta ideologia desberdinetako 95 herritar aukeratu dituzte eta inkesta bat pasatu diete informazioa biltzeko. Pasatako 95 inkestatik 62 jaso dituzte. "Erantzunen kantitatea eta kalitatea kontutan hartu dugu, baita guztiz kritikoak izan direnak ere. Eta jasotako erantzunek eman digute Orain herri plataformari hauteskundeetara aurkezteko indarra" berretsi dute. Oro har herritarrek ondo baloratu dute Orain udal taldeak Orioko Udalean egindako lana; bostetik 3,9 puntuazioa jaso dute. Ildo horretan, oriotarrek begi onez ikusten dute Orain udal taldea 2015eko hauteskundeetara aurkeztea; hamar puntutik 7,9 puntu. Orain herri plataformak lau urtetan egin dituen akatsak eta gabeziak ere jakin nahi izan ditu eta plataformako kideek adierazi dute "oso-oso baliagarriak" direla oriotarrek eman dizkieten gomendioak eta aholkuak. "Laster beteko dira lau urte udalean gaudela eta etxe guztietan bezala, gurean ere akatsak egiten dira eta gabeziak daude". Ildo horretan, herritarrek Orainen lanari dagokionean nabarmendu duten gabezietako bat informazio-komunikazio gutxiegi eman izana dela. "Guk bagenekien arlo horretan gabezia genuela, baina bi eskuekin ezin izan dugu lana nahi bezala borobildu eta herritarrekin proiektua partekatu". Akatsak zuzendu nahi ditu Orainek eta herritarrekin komunikazioa hobetzeko twiter kontu bat ireki du @orainorio, e-posta propioa ere sortu du orainorio@gmail.com eta Karkara.com webguneko Komunitatean Orainorio izenburua duen atala sortu du. Horretaz gain, nahi dutenek Correos-eko Orain herri plataforma 100 posta kutxatilara gutunak bidali ditzazkete. Herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko prest dago Orain herri plataforma.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide