Agurainen ere euskaraz bizi-bizi

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko martxoaren 5a

Orioko Curriculuma Sortzen taldeak eta Orioko Udalak antolatuta, 50 oriotar Agurainera joango dira martxoaren 28an 19. Korrikan parte hartzera.orioko Curriculuma Sortzen taldeko kideei bururatu zitzaien. Korrika 19 aurten egingo zela aprobetxatuz, Orio...

Orioko Curriculuma Sortzen taldeak eta Orioko Udalak antolatuta, 50 oriotar Agurainera joango dira martxoaren 28an 19. Korrikan parte hartzera.

orioko Curriculuma Sortzen taldeko kideei bururatu zitzaien. Korrika 19 aurten egingo zela aprobetxatuz, Orion ekimen berritzaile bat antolatzea pentsatu zuten 2015ean euskararen gaia lantzeko bideez hausnartzen ari zirela. Hilaren 22an pasako da Korrika Oriotik, eta eragileek dagoeneko erosi dituzte inguruko kilometroak. Dena dela, ez da hor amaituko oriotarren ibilbidea Korrikan, Orioko Curriculumak eta udalak 50 oriotar bildu nahi baititu martxoaren 28an Agurainen Korrikan parte hartzeko. Ekimena «sinbolikoa» izango bada ere, oriotarrentzat esanahi handia izango duela iruditzen zaio Orioko Curriculuma Sortzen taldeko Iñigo Gaitoni. «Euskararen arnasgunearen gaia lantzeko hainbat egitasmo egin dira azken urteetan herrian, euskal hiztun kontzienteak sortzeko. Hala ere, kanpora begira ez da ekintzarik antolatu, eta Agurainera joanez, oriotarrei arnasgune bateko euskal hiztun izateak duen ardura adierazi nahi diegu», azaldu du. Orioko Curriculuma Sortzen taldeak eta Orioko Udalak Korrika 19ko antolatzaileei proposamena egin zieten, eta «gustura» hartu dute haiek. «Hasieran bagenuen jarrera harroxkoa irudituko zitzaien kezka, baina alderantziz izan da. Aguraingo euskalgintzarekin ere hitz egin dugu, eta pozik hartu dute ideia». Izan ere, helburua da «egunero euskaraz bizitzearen poza» zabaltzea Orio bezain euskaldunak ez diren inguruetara. Hala ere, egitasmoak ez du izan nahi euskal herritarrentzat edo aguraindarrentzat eredugarri, oriotarrentzat ikasgai baizik. Euskaldun kontzienteak Azken hiru urteetan Uemarekin elkarlanean aritu da udala euskararen arnasgune kontzeptua herrian zabaltzen, eta Euskaraz bizi-bizi proiektua jarri du abian. Euskara zinegotzi Jon Agirresaroberen esanetan, «oriotarrok nahi izanez gero euskaraz bizitzeko aukera dugu eta poz eta pribilegio hori zabaldu egin nahi dugu gure egoera bera bizi ez duten herrietan». Horrela, euskaraz bizitzeko oztopoak gainditu nahi dituzte ahal duten neurrian. «Donostiara joaten garenean, askotan izaten dugu euskaraz eskatzeko konplexua; aurrean dagoenak euskaraz ba ote dakien jakin baino lehen gaztelaniaz hitz egiten hasten gara. Arnasgune kontzeptuarekin hori gainditu behar dugu, euskalduntzen ari diren herri eta hirietan euskararekiko poza eta harrotasuna helarazi behar diegu», azaldu du Agirresarobek. Ildo horretatik, Orioko Curriculumak egindako proposamena oso egokia iruditu zitzaion udalari. «Argi utzi nahi dugu ez garela Agurainera salbatzaile moduan joango. Alderantziz, ekimenarekin oriotarrei helarazi nahi diegu Agurainera euskararen alde Korrikan parte hartzera joaten garen bezala, hitz egin behar dugula Donostian ere euskaraz». Egitasmoan parte hartu nahi duten herritarrek Karela kiroldegian eta Orioko Kultur Etxean eman dezakete izena. Elastiko horiak aterako dituzte egitasmorako, eta parte-hartzaile bakoitzak hiru euro ordaindu beharko ditu. Udalak bere gain hartuko du autobusaren kostua. «Oriotarrak ekimenean parte hartzera animatu nahi ditugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide