Hurrengo astean amaituko da berdelaren kanpaina (Hitza)
Asteartean 500.000 kilo inguru sartu ziren, eta gaur ere iritsi da, kopuru txikiagoa izan arren. Eguraldi txarra iragarrita dagoenez gaur gauean ez dira berdeletara aterako barku gehienak, baina bihar jarraitzeko asmoa dute. Josu Ezenarro Getariako kofradiako idazkariak HITZAri esan dio kanpaina motza izango dela, eta
hurrengo astean amaituko dela.
Ezenarrok azaldu du lehen egunean barku bakoitza 30.000 kiloko kuotarekin atera zela arrantzara, eta gehienek 25.000 arrantzatu zituztela. Atzo, berriz, kuota txikitzea erabaki zuten, eta
gehienez 15.000 kilo arrantzatu dituzte. "Prezioa oso baxua da, lehen egunean kiloa 0,45-0,50 euro artean ordaindu zen". Argitu duenez, 500.000 kilo horietatik zati txiki bat iristen da supermerkatuetara eta arrandegietara (2-3 euroan saltzen dute han kiloa). "Gehiena kontserbarako edo izozteko erosten da". Ezenarrorentzat
prezioetan eragina du Errusiako merkatua itxi izanak, Ukrainako gatazkaren ondorioz.
Berdelaren kuota oso txikia dela uste du Ezenarrok. "Europa osoko kuotaren %5 bakarrik du Espainiak, oso-oso gutxi da hori", iritzi dio getariarrak.