Puntu Morea protesta ikur gisa

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko martxoaren 4a

Orioko Udalak kartelak banatu ditu dendarien eta ostalarien artean otsailaren 22ko genero indarkeria kasua gaitzesteko, eta erasoak horrela salatuko dituzte aurrerantzeanAsteburuan herriko denda eta taberna askotan Puntu Moreak agerian jarri dituzte hi...

Orioko Udalak kartelak banatu ditu dendarien eta ostalarien artean otsailaren 22ko genero indarkeria kasua gaitzesteko, eta erasoak horrela salatuko dituzte aurrerantzean

Asteburuan herriko denda eta taberna askotan Puntu Moreak agerian jarri dituzte hilaren 22an Orion gertatu zen ustezko genero indarkeria kasua gaitzesteko. Izan ere, Martxoaren 8an ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, borroka feminista gogora ekartzeko adierazpen instituzionala onartu zuen udalbatzak ostegunean. Aho batez onartu zuten adierazpena, eta herrian gertatu zen ustezko genero indarkeria gaitzetsi zuten bertan. Ildo horretan, herritarren artean indarkeria matxista gaitzesteko eta gaiaren inguruan kontzientziatzen laguntzeko udalak Puntu Moreak banatu zizkien aurreko astean herriko merkatari eta ostalariei, eta asteburuan beren establezimenduetan ageriko toki batean jartzeko eskatu zieten.

Aurrerantzean, berriz ere genero indarkeria kasuren bat gertatzen bada herrian, protesta ikur gisa Puntu Morearen erabilera bultzatuko du Orioko Udalak.

Udalak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak 900-84 01 11 Telefono bidezko Atentzio Zerbitzua eskaintzen diela edozein motatako genero indarkeria jasaten duten emakumeei eta beren senideei, adiskideei eta profesionalei. Eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan martxan dago, eta bertara hots eginez gero, genero indarkeria kasuetan prestakuntza eta esperientzia duten profesionalen taldea izango dute eskura herritarrek. Zerbitzu hau 55 hizkuntzatan ematen da, eta entzuteko desgaitasuna dutenentzako Atentzio Zerbitzu Egiaztatua eskaintzen du. Gainera, telefono honetara egiten diren deiak ez dira telefonoko fakturan azaltzen.

Udalaren erronkak

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira onartutako adierazpen instituzionalean emakumeek bizitzaren eta gorputzaren jabe izatea lortu behar dutela aldarrikatu du udalak: «Bizimodu duina izateko eta sendotasun ekonomikoa eta soziala lortzeko emakumeak, edonon egonda ere, subjektu politiko eta etorkizun politikoaren zuzeneko eragile izan behar du». Horretarako erakundeek berdintasunerako politika publikoak lortzeko baliabideak jartzea funtsezkoa dela uste dute, eta ildo horretatik, hainbat lehentasun zehaztu ditu Orioko Udalak.

Batetik, berdintasunerako politika publikoak garatzeko konpromisoa hartu du, aurrekontu eta teknikariak jarriz. Bestetik, proiektuak aztertu, garatu eta ebaluatzerakoan udalaren gobernu ekintza orok genero ikuspegia kontuan hartzeko neurriak bultzatuko ditu. Gainera, emakumeen elkarteekiko eta mugimendu feministarekiko elkarrizketa politikoa indartu nahi dute herrian. Eta, indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko politikak eta berdintasunerako politikak etengabe uztartu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide