EH Bildu eta Orain udal taldeen aldeko botoekin onartu dute. EAJk ezezkoa bozkatu du, ez dagoelako ados edukiarekin eta hori lantzeko prozedurarekin
Ostegunean bozkatu zituzten 2015erako udal aurrekontuak. EH Bildu eta Orain udal taldeen aldeko botoekin eta EAJren ezezkoarekin behin-behinean onartu da 6,7 milioiko aurrekontua: 2,8 milioi euro pertsonal gastuetarako, 2.525.000 euro ohiko gastuetarako, milioi bat euro diru laguntzetara, eta 375.000 euro inbertsioetara bideratuko dira. Besteak beste, udal ludoteka bat egingo dute herrian. Diru laguntzei dagokienez, udal gobernuak eragileekin hitzarmenak egokitu ditu taldeen beharren arabera, eta nabarmendu du krisi garaian diru laguntzak kasu gehienetan igo egin direla. «Agintaldi osoko lana izan da diru laguntzak egokitzea. Hala ere, batean gehitzeko bestean kendu beharra dago», zehaztu dute. Horretarako, inbertsioak kontrolatzea izan da udal gobernuaren lehentasuna agintaldian zehar. «Mantenu zulo handia sortu zuten proiektuak abiatu zituen aurreko udal gobernuak, eta EH Bildutik beharrezkoak ziren inbertsioak bakarrik gauzatu ditugu».Orain udal taldeak aurrekontuen alde bozkatu du, baina aurretik EH Bildurekin negoziatu du, eta hainbat eskari egin ditu. «Alde batetik, Anibarko Portuko aparkalekuak berriz margotzeko eskatu dugu. Baita Eusko Gudari eta Arrantzale kaleetan errepidean bidegorriak marrazteko ere, Zarauzko eredua jarraituz. Bestetik, 2014an banatu ez zen ostalaritzarako diru laguntza aurtengo partidari gehitzeko eskatu dugu. Denera, 11.000 eurotako diru laguntza osatuz», azaldu zuen udalbatzarrean Miriam Uranga ordezkariak.
EAJ kezkatuta
EAJk ezezkoa bozkatu zuen, eta horretarako bi arrazoi bereiztu dituzte: prozedura eta edukia. Prozedurari dagokionez, EAJk uste du agintaldi honetan «atzerapausoa» eman dela. «Aurreko agintaldian urrian aurkezten genituen aurrekontuak, eta batzordean azalpenak eman ondoren, hilabete uzten zen udal taldeek proposamenak egiteko». Agintaldi honetan, berriz, aurrekontuak «batzorde bakar batean eta azalpenik eman gabe» diktaminatzeko ohitura hartu dutela salatu du EAJk. «Otsailaren erdian akatsak zituen zirriborroa korreo elektronikoz pasa ziguten, batzordea otsailaren 23rako deitu zuten, udalbatzarra hilaren 26an egin ahal izateko». Jeltzaleek uste dute bi asteko epean udaleko tresnarik garrantzitsuena onartzea «lotsagarria» dela.
Aurrekontuari dagokionez, EAJri «oso kezkagarria» iruditzen zaio iazko aurrekontuekin alderatuz inbertsioetan %40ko beherakada izatea. «Agintaldi honetan herrian ezer egin ez denaren sentsazioa dute herritarrek». Gainera, EAJk ez du ulertzen krisi ekonomikoaren garaian enplegua sustatzeko diru partidarik ez jasotzea udal aurrekontuak. «Bestetik, nola liteke Orioko kultur eragileei bideratutako diru laguntzek %10eko beherakada izatea?»
Zaborraren kudeaketa ere izan zuen hizpide EAJk udalbatzarrean. «Oriotarrok 90.000 euro gehiago ordaindu beharko ditugu zaborraren kudeaketa arloan. Iaztik %20ko igoera izan da. Gainera, oriotarrei gaika biltzen laguntzeko egitasmorik ez da aurrikusi 2015eko udal aurrekontuan». Horretaz gain, salatu zuen mugikortasun murriztua duten herritarrek ez dutela Salatxo aretoan egokitu nahi den euskaltegi zerbitzura iristeko aukerarik izango.
EAJri erantzunak
EAJren kritikak banan-banan erantzun zituzten. Zaborraren kudeaketa partidaren igoera Urtetako zabortegiaren itxieraren ondorio dela azaldu zuen Beñat Solaberrieta alkateak udalbatzarrean. «Orain zaborra Lapatxera eraman behar da, eta horrek gainkostua du». Gainera, Orain udal taldeko Urangak nabarmendu zuen Orioko Udalak 500.000 euro inguruko zorra duela Urola Kostako Udal Elkartearekin, eta hori ordaintzera ere bideratuko dela partidaren zati bat. «Urtetako itxieraren aurrean ez zen aurrikuspenik egon. 2006an Orioko Udalak inoiz izan duen aurrekonturik handienetakoa izan zuen, baina urte berean udal elkartean erabaki zen Urtetako itxierarako dirua ez hornitzea. Orain 25 urtetan ordaindu behar du Orioko Udalak dagokion zatia».
Enplegua sustatzeko partidari dagokionez, alkateak gogorarazi zuen aurreko urteetan aurrikusi zirela enplegua sustatzeko partidak, baina ez zirela erabili. «Enplegu saila udal elkartetik bideratzen da. Lan txukuna egiten dute, eta herrian ekimen zehatzen bat egin beharra egongo balitz, ez genuke hori egiteko inolako arazorik izango» zehaztu zuen.
Kultur arloko diru laguntzen beherakadaz, Jon Agirresarobe Kultura zinegotziak azaldu zuen aurreko bi urteetako joera eta esperientzia kontuan hartuta zehaztu dela aurrekontua. «Elkarteek beren beharren araberako partida jasoko dute, eta iazkoarekin alderatuz ez da beherakadarik egon».
Azkenik, udal aurrekontua lantzeko egin den prozeduraren inguruan, Orioko alkateak esan zuen ez dela egia udal taldeen aportaziorik egon ez denik. «Alderdien proposamenak jaso ditugu, baina horretarako batzordeetara etorri behar da. Interesa erakutsi duen alderdiarekin bildu gara, eskaerak aztertu ditugu eta adostasunera iritsi gara».