[caption id="attachment_129271" align="aligncenter" width="630"]

Orioko Udalbatzak gaitzetsi egin du pasa den asteburuko ustezko genero-indarkeria kasua. (Egilea: Aiora Larrañaga)[/caption]
Martxoaren 8an ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, borroka feminista gogora ekartzeko adierazpen instituzionala onartu zuen Orioko udalbatzak atzo. Aho batez onartu zuten udal talde guztiek adierazpena eta pasa den asteburuan herrian gertatu zen ustezko genero indarkeria gaitsetsi zuten bertan. Ildo horretan, herritarren artean indarkeria matxista gaitzesteko eta gaiaren inguruan kontzientziatzen laguntzeko udalak Puntu Morera banatu die herriko merkatari eta ostalariei eta hori gaurtik igandea bitartean beren establezimenduetan ageriko toki batean jartzeko eskatu die. Aurrerantzean, genero indarkeria kasuren bat egongo balitz Puntu Morearen erabilera bultzatu nahi du Orioko Udalak protesta-ikur gisa.
Orioko Udalak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak 900 840 111 Telefono bidezko Atentzio Zerbitzua eskaintzen diela edozein motatako genero-indarkeria jasaten duten emakumeei eta beren senideei, adiskideei eta profesionalei. Eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan irekita dago eta bertara hots eginez gero, genero-indarkeria kasuetan prestakuntza eta esperientzia duten profesionalen taldea izango dute eskura herritarrek. Zerbitzu hau 55 hizkuntzatan ematen da, eta entzuteko desgaitasuna dutenentzako Atentzio Zerbitzu Egiaztatua eskaintzen du. Telefono honetara egiten diren deiak ez dira telefono fakturan azaltzen.
ADIERAZPEN INSTITUZIONALAREN TESTUA
Urtero-urtero, martxoaren 8an borroka feminista eguneratzen dugu. Emakumeok bizitzaren eta gorputzaren jabe izatea lortu behar dugu, bizimodu duina izateko eta sendotasun ekonomikoa eta soziala lortzeko. Emakumeak, edonon egonda ere, subjektu politiko eta etorkizun politikoaren zuzeneko eragile izan behar du.
Horretarako, funtsezkoa eta estrategikoa da erakundeek berdintasunerako politika publikoak lortzeko baliabideak jartzea. Ildo horretan, argi eta garbi adierazi nahi dugu toki-erakundeen eskutik xede horretarako programak eta baliabideak kentzeko asmoarekin etor litekeen erreforma oro gaitzetsi egingo dugula.
Orioko Udalak honako lehentasunak markatu nahi ditu:
1. Berdintasunerako politika publikoak garatzea, politika horien eskura aurrekontu eta teknikari egokiak jarriz.
2. Programak eta proiektuak aztertu, garatu eta ebaluatzerakoan udalaren gobernu-ekintza orok genero-ikuspegia kontuan hartzeko neurriak bultzatzea.
3. Emakumeen elkarteekiko eta mugimendu feministarekiko elkarrizketa politikoa indartzea.
4. Indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko politikak eta berdintasunerako politikak etengabe uztartzea.
Azken puntu horri lotuta, Orioko Udalak salatu egin nahi du pasa den igandean, otsailak 22, herrian gertatu zen ustezko genero indarkeria kasua: 29 urteko gazte bat atxilotu zuten Orion, haurdunaldiaren zortzigarren hilabetean dagoen bikotekidea jo zuelakoan. Orioko Udalak, gertakaria gaitzesteaz gain, babesa eskaintzen dio biktimari. Horrez gain, elkartasuna adierazteko, honako eskaera egiten die Orioko dendari, profesional eta tabernariei: datorren asteburuan, otsailaren 27tik martxoaren 1a bitartean, jar dezatela beren establezimenduan, ageriko toki batean, Udalak banatuko dien PUNTU MOREA, indarkeria matxista gaitzesteko eta gaiarekiko sentiberatasuna zabaltzen laguntzeko.