Eusko Gudari eta Arrantzale kaleetan bidegorria marrazteko eskatu du Orain udal taldeak. (Egilea: Aiora Larrañaga)
Atzo iluntzean egin zuten ohiko udalbatzarra eta bertan bozkatu zituzten 2o15erako udal aurrekontuak. Bildu eta Orain udal taldeen aldeko botoekin eta EAJren ezezkoarekin behin-behinean onartu da Orioko Udalaren aurrekontua: 2.800.000 euro pertsonal gastuetarako, 2.525.000 euro ohiko gastuetarao, milioi bat euro diru-laguntzentara eta 375.000 euro inbertsioetara bideratuko dira. Diru-laguntzei dagokionean udal gobernuak eragileekin hitzarmenak egokitu ditu taldeen beharren arabera eta krisi garaian diru-laguntzak kasu gehienetan igo egin direla nabarmendu dute. "Agintaldi osoko lana izan da diru-laguntzak egokitzea. Hala ere, batean gehitzeko bestean kendu beharra dago" zehaztu dute. Horretarako, inbertsioak kontrolatzea izan da udal gobernuaren lehentasuna agintaldian zehar. "Mantenu zulo handia sortu zuten proiektuak abiatu zituen aurreko udal gobernuak eta EH Bilduk beharrezkoak ziren inbertsioak bakarrik gauzatu ditugu". 2015eko aurrekontuari dagokionean gehiengoz adostu diren lehentasunak egingo dituzte.
2015eko inbertsio partida nagusiak:
- Iturbide kalean udal ludoteka egiteko obra zibila 60.000 euro eta edukia 8.000 euro.
- Saneamendu lanak egiteko 6.000 euro.
- Bide publikoetarako 6.000 euro.
- Salatxo aretoan euskaltegi zerbitzua egokitzeko 7.000 euro
- Orioko Udal Kanpinean egin beharreko lanetarako 150.000 euro. Azken hau egiteko Eusko Jaurlaritzatik 115.000 euroko diru-laguntza jasoko du Orioko Udalak.
- Karela Kiroldegian inbertsioa 12.000 euro
- Ibai Ondo eta Anibarko Portua arteko argiteria konpontzeko 13.000 euro.
- Zatagueta Herri Eskolan inbertsioa 11.500 euro.
- Zaharren Babes Lekua txukuntzeko 8.000 euro.
- Talai Mendi elkartearen lokalean egindako lanak diruz laguntzeko 4.500 euro.
- Bulego teknikorako ibilgailua erosteko 7.000 euro
ORAIN
Orain udal taldeak baiezkoa eman die 2015eko udal aurrekontuei, baina aurretik EH Bildurekin negoziatu du eta hainbat eskari egin ditu. "Alde batetik Anibarko Portuko aparkalekuak berriz margotzeko eskatu dugu. Baita, Eusko Gudari eta Arrantzale kaleetan errepidean bidegorriak marrazteko ere, Zarauzko eredua jarraituz. Bestetik, 2014ean banatu ez zen ostalaritzarako diru-laguntza aurtengo partidari gehitzeko eskatu dugu. Denera, 11.000 eurotako diru-laguntza osatuz" azaldu zuen atzo Orain udal taldeko ordezkari Miriam Urangak udalbatzarrean.
EAJ
EAJk ezezkoa eman die 2015eko udal aurrekontuei eta horretarako bi alderdi bereiztu dituzte: alde batetik, prozedura eta bestetik edukia. Prozedurari dagokionean EAJk uste du agintaldi honetan atzera pausua eman dela. "Aurreko agintaldian urrian aurkezten genituen aurrekontuak batzordean eta azalpenak eman ondoren, hilabete uzten zen udal taldeek proposamenak egin, horiek eztabaidatu eta aurrekontua onartu ahal izateko". Agintaldi honetan, berriz, aurrekontuak "batzorde bakar batean eta azalpenik eman gabe" diktaminatzeko ohitura izan dela salatu du EAJk. "Otsailaren erdian akatsak zituen zirriborroa emailez pasa ziguten, batzordea otsailaren 23rako deitu zuten, udalbatzarra hilaren 26an egin ahal izateko". Jeltzaleek uste dute bi asteko epean udaleko tresnarik garrantzitsuena onartzea "lotsagarria" dela.
Aurrekontuari dagokionean, EAJri "oso kezkagarria" iruditzen zaio iazko aurrekontuekin alderatuz inbertsioetan %40 beheraka izatea. "Agintaldi honetan herrian ezer egin ez denaren sentsazioa dute herritarrek". Gainera, ez dute ulertzen krisi ekonomikoaren garaian enplegua sustatzeko diru partidarik ez jasotzea udal aurrekontuak. "Bestetik, nola liteke Orioko kultur eragileei bideratutako diru-laguntzek %10eko beherakada izatea?"
Zaborraren kudeaketa ere izan zuen hizpide EAJk udalbatzarrean. "Oriotarrok 90.000 euro gehiago ordaindu beharko ditugu zaborraren kudeaketa ordaintzeko. Iaztik %20ko igoera izan da. Gainera, oriotarrei gaika biltzen laguntzeko ekimenik ez da aurrikusi 2015eko udal aurrekontuan".
Horretaz gain, salatu du mugikortasun murriztua duten herritarrek ez dutela Salatxo aretoan egokitu nahi den euskaltegi zerbitzura iristeko aukerarik izango.
BILDUREN ERANTZUNA
Zaborraren kudeaketa partidaren igoera Urtetako zabortegiaren itxieraren ondorio dela azaldu zuen Beñat Solaberrieta alkateak udalbatzarrean. "Orain zaborra Lapatxera eraman behar da eta horrek gainkostua du". Gainera, Orain udal taldeko Miriam Urangak nabarmendu zuen Orioko Udalak 500.000 euro inguruko zorra duela Urola Kostako Udal Elkartearekin eta hori ordaintzera ere bideratuko dela partidaren zati bat. "Urtetako itxieraren aurrean ez zen aurrikuspenik egon. 2006an Orioko Udalak inoiz izan duen aurrkonturik handienetakoa izan zuen, baina urte berean udal elkartean erabaki zen Urtetako itxierarako dirua ez hornitzea. Orain 25 urtetan ordaindu behar du Orioko udalak dagokion zatia"
Enplegua sustatzeko partidari dagokionean, alkateak gogorarazi zuen aurreko urteetan aurrikusi zirela enplegua sustatzeko partidak, baina erabili ez zirenez aurten udal aurrekontuan ez txertatzea erabaki dutela. "Enplegu saila udal elkartetik bideratzen dute. Lan txukuna egiten dute eta herrian ekimen ezpezifikoren bat egin beharra egongo balitz, ez genuke hori egiteko inolako arazorik izango" zehaztu zuen.
Kultur arloko diru-laguntzen beherakadari dagokionean, Jon Agirresarobe zinegotziak azaldu zuen aurreko bi urteetako joera eta esperientzia kontutan hartuta zehaztu dela aurrekontua. "Elkarteek beren beharren araberako partida jasoko dute eta iazkoarekin alderatuz ez da beherakadarik egon".
Udal aurrekontua lantzeko egin den prozeduraren inguruan, Orioko alkateak esan zuen "ez dela egia" udal taldeen aportaziorik ez dela egon. "Alderdien proposamenak jaso ditugu, baina horretarako batzordeetara etorri behar da. Interesa erakutsi duen alderdiarekin bildu gara, eskaerak aztertu ditugu eta adostasunera iritsi gara".