Orioko Mendi Lasterketako parte-hartzaile kopurua bete da

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko otsailaren 25a

Urtez urte indarra hartzen ari da Orioko Mendi Lasterketa. (Egilea: Luis Bixki) Igande goizean Orioko V. Mendi Lasterketa jokatuko da Orioko Herri Ikastolak antolatuta eta dagoeneko itxita dago izena ematea. Aurten 450 lagunentzat tokia izango da lasterketan eta dagoeneko beteta dago parte-hartzaile zerrenda. Igandean 10:00etan abiatuko dute lasterketa ikastola paretik, eta 20 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte-hartzaileek. Dortsalak eta txipak Ikastolako pergolan banatuko dituzte 08:30etik 09:30era bitartean. Ibilbidean zehar antolakuntzak kontrol guneak jarriko ditu eta bertatik igarotzea ezinbestekoa izango da. Luxarbe baserritik 1 ordu 10 minutu baino lehenago pasa beharko da eta Kukuarritik 2 ordu eta 20 minututan. Antolatzaileek denbora horiek kalkulatu dituzte proba 3 ordutan amaitzeko. Ibilbidea ikusgarria dela nabarmentzen dute ezagutzen dutenek; gainera, aurten ibilbidean zehar sorpresa bat ere aurkituko dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Aian martxoaren 15ean Martxoaren 15ean Aiako IV. Mendi Lasterketa jokatuko da Aian. Herrigunean, plazan abiatuko dute lasterketa 11:00etan eta parte-hartzaileek 15 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. 350 lagunentzat tokia dago Aiako lasterketan eta martxoaren 13ra bitartean izango da izena-emate epea zabalik kirolprobak.com helbidean. Aldez aurretik izena ematen dutenek txip horia badute 13 euro ordaindu beharko dute eta txipik ez dutenek 15 euro. Egunean bertan ere izena emateko aukera izango da 20 euroren truke.Gizon eta emakumeen mailan lehen hiru sailkatuentzat saria izateaz gain, parte-hartzaile guztiek jasoko dituzte Aiako produktuak opari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide